Joxemi Aranburu Andoaingo AEK Euskaltegia
Arigunea aurtengo Euskaraldiko berrikuntza nagusia da.
Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzeko helburua duenez, Ariguneak kaleko espazioetatik jarleku konkretuetara eramateko modu bat da. Komertzioetan, enpresetan eta erakundeetan Ariguneak sortu eta hizkuntza ohiturak aldatzea lortuz gero, dudarik gabe aurrerapauso garrantzitsua izango da.
Aurtengo egoera ikusirik, hausnarketa sakonagoa egiteko balioko digu Euskaraldiak?
Horrelako ekimenak jendearengana iristeko moduak dira, baina eraginkortasuna norberaren eskuetan dagoen zerbait da. Dudarik gabe, eragina eduki, edukiko du. Gauza bat da kaleko elkarrizketak eta jendearen hizkuntza ohiturak kalean aldatzea; eta beste gauza bat, espazio edo gune batzuetan, enpresen kasuan, iristea kosta egiten den arloan eragitea. Bertako langileek ohiturak aldatzeko ardura hartzen badute eraginkorra izan daiteke.
Garrantzitsua iruditzen zaizu herritarrek horrelako ekimenetan parte hartzea?
Dudarik gabe. Azken finean, gutxi batzuek ekimen zabal bat martxan jarriz gero, baina herritarren sostegurik ez balute ezingo zen aurrera eraman, zeren eta herritarrek hartu behar dute protagonismoa. Ezinbestean jendearen parte hartzea derrigorrezkoa da.
Ez-ohiko egoera honek nola eragin dezake Euskaraldian?
Eragina erabatekoa da. Pasa den astean eduki genuen batzordeko bilera eta, egia esan, ziurgabetasunean gaude, ez baitakigu zer egin ahal izango dugun. Duela bi urteko Euskaraldian ekimen ugari egin genituen eta jende asko gerturatu zen; esaterako, hamaikakoaren aurkezpenean edota Goikoplazan egin zen festan, baina orain ezin da horrelakorik egin. Ez dakigu zer egin, mementoko egoerara egokituko gara. Oraingoz, Zasako lokala martxan jarri dugu eta txapak banatzeko guneak zehaztu ditugu.
Askoren ustez Belarriprest bigarren mailako rol bat da, zer diozu?
Ez dugu beldurrik eduki behar belarriprest izateko, zintzoak izaten saiatu behar dugu geure buruarekin; alegia, gauza bat da euskaraz komunikatzeko gaitasuna izatea, baina kontua da zure eguneroko praktikan erdarara jotzen baduzu, ez duzula beldurrik eduki behar belarriprest rola hartzeko. Norberak jakin behar du euskararekiko konpromezua zenbaterainokoa den. AEK-ko kide izanda, belarriprestak guretzat guztiz arruntak dira eta ez ditugu beste maila batean kokatzen. Euskaldunok askotan ez dugu euskara erabiltzen, parekoak erdarara jotzen duelako. Ohitura horiek aldatu nahi dira. Ez dut gogoratzen zifra zehatza, baina Andoainen ahobiziak askoz ere gehiago ziren; hala ere, seguru nago zorrotzagoak izanez gero ahobizi asko belarriprest izango zirela.
Oro har, nola ikusten duzu Andoainen Euskaraldia?
Ez ditugu oraindik datu zehatzak. Izan ere, ikastetxeetako datuak ez ditugu jaso, beraz, ezin da gauza askorik esan. Horrez gain, pentsatzen dut, bizi dugun egoeragatik datuak apalagoak izango direla. Egia da ere, memento honetatik aurrera hasiko direla izen-emateak, hau da, Euskaraldia gerturatu ahala, giroa berotzen hasiko da. Aurrekoan ere antzerako zerbait pasa zen.
Esanak esan, egoera honetan ez da batere erraza jendearengana iristea. Ezin dira mahaiak jarri kaleetan, ezin ditugu bolalumak eta paperak herritarren esku utzi etab. Gauzak horrela, herritarrek konpromezua hartu behar dute Internet bitartez izena emateko; adibidez, adineko jendearentzat ez da lan erraza. Ariguneen kasuan, berriz, datuak onak dira, Andoainen 80tik gora eman dute izena. Nire ustez pausu garrantzitsua da hori.