Zergatik da garrantzitsua Euskaraldia?
Aurreko Euskaldiaren harira egin ziren ikerketetatik ondorioztatu zen kuantitatiboki gehiago hitz egin zela euskaraz, eta aurrerapauso bat izan zela hizkuntzaren normalizaziorantz eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ahaleginean. Gauzak horrela, garrantzitsua iruditzen zait.
Norberaren esperientziatik ere oso aberasgarria izan zen aurreko Euskaraldia, beraz, berriro ere parte hartzea erabaki dut. Hizkuntza ohiturei buelta bat emateko ariketa interesgarria da, esaterako, saltoki handietara, zerbitzuetara edota merkatalguneetara joatean lehen hitza euskaraz esatea; pausu garrantzitsua da.
Zer helarazten du Euskaraldiak?
Komunitate baten zati zaren sentsazioa sortzen da. Gogoan dut Iruñara joan nintzela Euskaraldia egiten ari zirenean, eta kaletik ikusten nituen txapa jantzita zuten herritarrak, oso pozgarria zen. Komunitate sentsazio berezia helarazten zuen. Hizkuntza ohiturak zalantzan jarri behar dira, eta aldatzen hasteko pausuak emateko aukera interesgarria izan daiteke.
Aurtengo egoera ikusirik, jendeak berdin berdin parte hartuko duela uste al duzu?
Ez dakigu egoera honetan zer jazoko den eta zein arau berri ezarriko dizkiguten. Orduan, zein egoeratan egongo garen pentsatzea zaila denez, ez da erraza aurreikustea parte hartzea handia izango den. Hala ere, nahi dut itxaropena eduki. Esaterako, gaur egun, prentsaurreko eta bideokonferentzi asko jasotzen ditugu, batez ere, osasungintza arlotik; eta esan genezake, apur bat ohitu garela mezu garrantzitsuak gazteleraz jasotzen. Gustatuko litzaidake horrelako kasuetatik hasita, euskarak garrantzia hartzea eta lehen hitzak geure hizkuntzan egitea. Horrez gain, iruditzen zait gune birtualetan Euskaraldiak bere aletxoa jar dezakeela. Askotan espazio hori ahaztuta geratzen dela sumatzen dut.
Aurtengo berrikuntza nagusia Ariguneak izango dira.
Ahobizi eta Belarriprest izatetik erakundeetara eta elkarteetara igaro da euskaraz hitz egiteko ardura. Egia esan, oso interesgarria da, erakunde oso bat euskaraz hitz egiteko konpremezua hartu izana. Zera esan nahi dut, ez dela norbanakoa soilik, komunitatean egingo dut ariketa izango dela.
Euskaraldiak egoera soziolinguistikoan eragiten duela uste duzu?
Urte hauetan egin diren ikerketek argi adierazi dute, Euskaraldiak norbanakoen egoera soziolinguistikoan eragina eduki duela. Ez dakit epe luzera hizkuntza ohitura horien aldaketek iraun duten, interesgarria litzateke jakitea. Euskaraldia egin den egunetan eragina handia izan da; nire ingurua euskaldun izaerakoa denez ez nuen aldaketa handia nabaritu, baina, nire gunetik atera nintzenean memento horretan bai sumatu nuela aldaketa.