Pasa den euskaraldian parte hartu zenuen? Zein rol aukeratu zenuen?
Aurreko Euskaraldian ahobizi gisa parte hartu nuen eta aurten ere halaxe izango naiz. Inguru euskalduna izanik, rol egokiena dela iruditzen baitzait.
Zergatik da garrantzitsua?
Horrelako egunetan eta asteetan fokua jartzea garrantzitsua da, izan ere, herritar askok Euskaraldian parte hartuko ez dutela adierazten dute, urte osoan zehar euskaraz aritzen direlako. Arrazoia dute, baina egiten den esfortzua egun edo aste bereizi batzuetan euskaraz egiteko txalogarria eta aberasgarria da, izan euskaldun berri, zaharra edo ez dakiena. Egun horietan, fokua euskararen gainean dago.
Zer ematen du Euskaraldiak?
Euskaraldiak ematen duen gauzetako bat da, euskaraz hitz egiteko arrazoia ez dutenei bultzada bat ematen zaiela, data konkretu horietan behintzat, euskaraz aritzeko. Esaterako, lagunekin, senideekin, lanean edo merkatalguneetan.
Aurtengo egoera ikusirik, parte hartze handia lortuko al da?
Nire ustez herritarrek berdin-berdin parte hartuko dute. Egia da ere, egoera ez dela batere egokia eta ez zaiola behar bezain besteko zabalkundea eman, baina jendearen parte hartzea ez dut zalantzan jarriko.
Ariguneak izango ditugu aurten.
Berrikuntza guztiak dira ongi etorriak. Euskara sustatzeko eta bultzatzeko saiakera gehiago egitea benetan miresgarria eta lagungarria da. Gainera, euskararen erabilera lan esparrura zabaltzea aurrerapauso bikaina izan daitekeela pentsatzen dut.
Euskaraldiak egoera soziolinguistikoan eragiten duela uste duzu?
Ikerketa batzuetan irakurri nuen Euskaraldiak eragin oso baikorra eduki zuela hizkuntza ohituretan. Datuak, ikerketak eta zenbakiak alde batera utzita, nire esperientzitik baieztatu dezaket, Euskaraldiak inguruan eragina eduki zuela eta euskararen erabilera areagotu zuela.