Noiz hasi zinen musikagintzan?
Sei urterekin, gutxi gorabehera. Aitak ere erlazio estua eduki du musikarekin, izan ere, trikitixa jotzen zuen. Gauzak horrela, solfeoan hasi nintzen eta 8 urterekin pianoa jotzea erabaki nuen. Amonak piano zahar bat du etxean eta horrek niregan eragina eduki zuela pentsatzen dut, pianoa jo nahi nuen.
Aurrerago abesbatzan izena eman nuen eta pianoa alde batera utzi behar izan nuen, urtebetez soilik aritu nintzen. Solfeoa utzita, abesbatzan jarraitu nuen duela pare bat urtera arte.
Nolatan hasi zinen jendaurrean bakarlari gisa kantuan?
2019ko martxoaren 8an abestu nuen lehen aldiz jendaurrean, abesbatza kontuan hartu gabe. Andoaingo asanblada feministatik esan zidaten ea kantu batzuk joko nituen Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Egun hura izan zen hasiera, kantari modura.
Zeure kantuak konposatu eta idazten dituzu?
Printzipioz ez. Noizbehinka idazten ditut, baina egia esan presioa handia daukat. Lagun askok eskatzen didate. Aitortu beharra daukat, ikasketetan presioarekin lana egin dezakedala, aldiz, musikako kontuekin ez. Dena dela, aurrerago sorpresaren bat emango dut.
Zein musika mota gogoko duzu kantatzeko?
Kanta makarrak gustuko ditut, esaterako, Punk edo Oi! estiloetako abestiak akustikora moldatzea gustuko dut. Horrez gain, akustikoak diren abestiak gogoko ditut. Duela gutxi ere Trap generoko kantua gitarrarekin jotzeko moldatu nuen. Garrantzia ematen diot musikak eskaintzen duen moldaerraztasunari, hau da, edozein musika mota akustikora igarotzeko aukerari.
Mundu honetan horren murgilduta egonda, nortzuk dira zure erreferente musikalak?
Horrenbeste genero gustuko ditudanez zaila da aukeratzea, baina gehienbat Anari izan daiteke, nire antzeko estiloa duelako. Beste alde batetik, Punk generoko emakume erreferenteak Perla taldekoak izan daitezke. Gazteagoa nintzenean ere gertutasun handia eduki nuen country musika generoarekin. Ikus dezakezunez, iturri askotatik edandakoa naiz.
Azken aldian emanaldi ugari eskaintzen ari zinen, azkenekoa Andoaingo Gaztetxean zenuen, baina bertan behera geratu behar izan zen...
Asteburu honetan esan didate, abenduak 3aren eta Euskaraldiaren harira abenduaren 5ean Goiburun kontzertu bat emateko bertso eskolakoekin batera. Oraingoz hitzartua dudan kontzertu bakarra hori da.
Kulturgileak egoera zaila bizitzen ari dira pandemiaren ondorioz, baita zu bezalako musikariak ere. Zer diozu?
Askoz ere zailagoa iruditzen zait egoera bizibidea kultura munduan dutenentzat. Ez naiz ari soilik musikariez, baita eszenatoki atzean dauden talde eta teknikariei buruz ere. Oso egoera zaila da. Nire egoera bestelakoa da, ez bainaiz musikaz bizi.
Beharrezkoa da kultura aurrez aurre ikustea, jendeak behar du eta faltan botatzen da. Kulturarik gabeko gizartean, kaltetuak bi aldeak dira. Aitortu beharra daukat kontzertu gehiago eman nahiko nituzkela, baina tira, egoerak ez dit asko eragiten beste askorekin alderatuta.
Instituzioen aldetik garrantzia nahikoa ematen zaio kulturari?
Argi geratu da ezetz. Kontuan eduki behar da, kasu honetan, profesionalak eta ez-profesionalak daudela; hau da, profesionalek kontzertuak eman ditzazkete, aldiz, ez-profesionalek muga gehiago dituzte. Ez dut esan nahi profesionalak babestuta daudenik, baina bien arteko ezberdintasuna nabarmendu nahi dut. Bi kasuetan mugak izugarriak dira. Profesionalak ez garenon kasuan, zer uste dute, ez ditugula segurtasun neurriak errespetatzen? Segurtasuna bermatzen badugu ez dut ulertzen zergatik ezin ditugun emanaldiak eskaini. Laburbilduz, izan profesionala edo ez izan, instituzioen aldetik guztiz ahaztu dira gurekin.
Etorkizunari begira, zer?
Auskalo. Musikagintzan jarraituko dut, nirea egiten eta sortzen. Kontzertuak lortzen saiatuko naiz. Egia da ere, erlazioa dudan beste musikari batzuekin kontaktu gehiago badudala, adibidez, etorkizunera begira kantaren bat elkarlanean egiteko, baina guztia nahiko xumeki.
Disko bat argitaratzearena, berriz, umetatik amesten dudan zerbait da. Hala ere, gauzak nahiko argi ditut eta errealista izan nahi dut, hankak lurrean ditudala uste dut; diska argitaratuko banu izugarria litzateke, baina inoiz ez dut pentsatu musikagintzatik biziko naizenik. Musika zaletasun gisa bizitzen dut. Ez pentsatu ateak isten ditudanik, baina ez dut gehiegi horretan pentsatu nahi, askotan desilusioak hartzen baitira.
Ez-ohiko Santakrutzetan eskaini zenuen kontzertuak zer esan handia eman zuen...
Sorpresa izugarria hartu nuen. Harrituta geratu nintzen ikusle kopuruarekin eta kontzertuaren osteko mezu zorion mezu pilekin. Ez nuen espero. Horrelako harrera ez dut eskainitako beste kontzertuetan eduki.
Egiten dituzun bertsioak eta kantuak sare sozialetan eskegitzen dituzu?
Duela gutxiko kontua da, Aimar Urruzuno Dukha taldeko gitarrajole eta abeslariarekin elkartu nintzen eta aipatu zidan kanturen bat grabatzeko gogoa edukiz gero, bera prest egonen zela baliabide nahikoak zituelako. Asteburu batean elkartu ginen eta pare bat kanta grabatu genituen, Youtuben daude eta, egia esan, kantuek harrera ona eduki dute.