Ikertzen ari dira goizean errepidean jazotako istripu hilgarria

Aiurri 2020ko abe. 15a, 18:39

Istripua goizeko 08:00ak aldera jazo da A-15 autobideko 155,9 kilometro-puntuan, Andoaingo udal-barrutian eta Donostiarako noranzkoan.

Bi trakzio-buru zeramatzan kamioiak, eta, dirudienez, frenatzeko gunerantz joan da balaztako matxura dela medio. Kamioia errepidetik atera da eta su hartu du; ondoren errepidetik 30 bat metrora dagoen zuhaitz artean erori da.

Ertzaintza eta suhiltzaileak bertara hurbildu direnean, trakzio-burua erreta aurkitu eta barruan pertsona baten gorpu kiskalia aurkitu dute.

Poliziak ikerketa jarri du abian ezbeharra argitzeko. Une hauetan Ertzaintzako begi-ikuskapeneko taldea eta istripuak berritzeko taldea ari dira lanean ezbeharraren gunean. Osakidetzako hainbat langile ere gerturatu dira bertara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!