Sandra Vicente, Nerea Berroeta, Nora Blanco, Ainara Rodil, Lander Martinez, Gentza Renteria, Oihana Sarratea, Julen Arregi, Mikel Mayordomo, Jon Salegi eta Nerea Berroeta dira ikasleak, eta Pelaio Eizagirre euren irakaslea. Josefina Maggiotto ikasleak produkzioko ardurak hartu ditu. Eta azkenik, Ainhoa Aiertza Esciviko irakasleak, koordinazio eta dinamizazio lanak burutu ditu.
Ikasleek Zinema Paladin jarri diote izena ekimenari, eta Basteron erakutsi zituzten euren sormen lanak, abenduaren 1ean. Azaldu zutenez, egun haietan Basteron bertan erakusgai zegoen Paladin Eremuak-Harriak erakusketa izan zuten pizgarri lanean hasteko. Izan ere, azaro-abenduan Miren Barrena, Leire Lacunza eta Ibon Landa artistek euren sormen lanak Basteroko erakusketa gelara eraman zituzten. Beren pieza asko beste artisten irudiekin egindako eraldaketak ziren. Azken batean, erakusketa guztiak ideia jakin bat izna zuen ardatz: beste artisten sormen lanetan inspiratuta, sormen lan berriak sortzea, alegia.
Ideia nagusi horixe abiapuntutzat hartzea proposatu zieten hiru artistek Esciviko ikasleei, eta horiek Zinema Paladin ekimenari ekin zioten. Era horretan, Udalaren artxiboko eta Aiurri aldizkariko zenbait bideo-grabazioez eta irudiez baliatuta, berrinterpretazioaren bidetik jo zuten.
Ikasleek Basteroko ekitaldian, youtuben ikusgai dauden hamar lan horien inguruko xehetasunak azaldu zituzten. “Nortasun propioa dauka lan bakoitzak. Ikus-entzunezko artxiboko bideo-grabazio edo irudi batzuk eraldatu egin ditugu eta beste batzuk sortu. Iraupena, soinua, sekuentzia… aldatuz muntaia anitzak egin ditugu. Birprodukzio lana egin dugu, azken batean”.
Bideo lanetako batek 1936ko fusilatu baten azaleratzea eta eraildakoen aldeko omenaldia jorratzen du, eta bi ikasleek, Nora Blanca eta Sandra Vicentek, perfomance txikia burutu zuten Basteroko ekitaldian, biktima guztiei lore eskaintza irudikatuz.
Paladin Eremuak-Harriak erakusketako egileetako bik, Miren Barrena eta Leire Lacunzak ere euren azalpenak eskaini zituzten Basteroko ekitaldian.