“Gabon Kantak” izenburuko diskoa piano-joleak eta tenoreak hiru urtetan hainbat artxiboetan egindako ikerketaren emaitza da.
Musikagileek diskoa zuzenean aurkezteko bi kontzertu eskaintzeko asmoa agertu zuten asteartean Donostian egin zuten agerraldian. Bata atzo Donostian, Victoria Eugenia antzokian, eta bigarrena Zumarragan, igandean, urtarrilaren 24an, Zelai Arizti aretoan.
Diskoaren aurkezpenean, Okiñena eta Mungiarekin batera Elena Martínez de Murgia Aita Donostiaren iloba, eta, Koldo Saragueta Gipuzkoako kaputxinoen zuzendaria agertu ziren.
Aita Donostiaren sustatzaile aparta
Musikeneko irakasle ez ezik euskal musikarien ikerlari eta zabaltzailea da Okiñena, eta ahalegin berezia egiten ari da ezkutuan jarraitzen duten Aita Donostiaren (Jose Gonzalo Zulaika) makina bat obra ikertzeko eta argitan jartzeko. Josu Okiñenak eta Liana Gourdjia biolin-jotzaile moskutarrak kontzertu bikaina eskaini zuten Andoainen iazko azaroaren 20an. Kontzertuaren harira, Okiñenak Aiurri aldizkariari eskaini zion elkarrizketan zera zioen konposatzaileari buruz, besteak beste: “XX. mendeko konposatzaile modernista garrantzitsuenetakoa da Europa mailan! Lekarotzeko ikastetxean kaputxinoa izan zen, eta Iruñeko ordena horren artxiboa arakatzen nabil azken aldian. Euskal herri-kantagintzari heldu zion besteak beste, eta ikusgarria da nola zaindu zuen arlo hori!”.