Andoaingo ostalariek “penaz eta frustrazioz” hartu dute Andoaingo Udalak beren mozioa atzera bota zuelako, "izan ere, mozioaren bitartez, Udalari, herritarron ordezkari den eta guztion interesak defendatu behar dituen heinean, bakar-bakarrik eskatzen genion gure eskakizunak Eudeli, Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari luza ziezaien”.
Ostalaritza Aurrera! ekimenaren mozioa Gipuzkoako udaletan aurkezten den berbera da, eta bi puntuk osatzen dute:
- Gipuzkoako ostalaritzaren egoeraren berri ematea Eudeli, Foru Aldundiari, Legebiltzarrari Eta Eusko Jaurlaritzari.
- Aipatutako erakundeei eskatzea, ostalariok bizi dugun egoera ekonomikoari irtenbidea ematearren, martxoaren 14az geroztik, atzera eraginarekin, Gipuzkoako ostalaritzako autonomoei hileroko gutxieneko soldata aitortzea eta berori bideratzeko beharrezko diren izapideak burutzea.
Udalbatzan, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek bat egin zuten mozioarekin, eta bien bitartean, PSE-EE eta EAJ-PNVk osatutako gobernu taldeak bigarren mozioa aurkeztu zuen, eta horrek egin zuen aurrera, ostalariek proposaturikoa atzera bota ostean. Hiru puntuko mozioa onartu zuten, hortaz:
- Andoaingo Udalak konpromezua berresten du COVID-19aren aurrean tokiko eragile sozioekonomikoak babesten jarraitzeko, eta horretarako beharrezkoak diren baliabide eta neurriak bideratzeko.
- 2021eko aurrekontu proiektuan 100.00 euroko diru partida aurrikusiko da. COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiten jarraitzeko, eta beharrezko balitz, aurrerago erremanentearekin osatzeko konpromezua hartzen da.
- Andoaingo Udalak gainerako erakundeekin eta agenteekin elkarlanean jarraituko du COVID-19ak sortutako egoerari aurre egin ahal izateko.
Lan Mahaia, ostalaritzaren krisiari aurre egiteko
Ostalaritza Aurrera! ekimeneko ordezkariek Goikoplazan jakinarazi dute udal gobernuarekin bilera eduki zutela udalbatza egin aurretik, eta mozioaren edukia azaldu eta babesa eskatzeaz gain, orduko hartan, etorkizunean Lan Mahaia osatzeko konpromisua hartu zutela, ostalaritzaren sektorea bereziki jasaten ari den krisialdiari irtenbideak topatzeko asmoz. Lan Mahai hori bultzatzeko asmoa agertu dute ostalariek.
Manifestazioa Urretxun, larunbatean
Gipuzkoa mailako ostalariek Urretxun manifestazioa antolatu dute larunbat honetarako, eta Andoaingo ostalariek herritarrei deialdia egin die bertan parte har dezaten. Horretarako, Andoaingo irten eta Urretxura iritsi ahal izateko behar den agiria eskatu behar zaie kolektiboko kideei. “Manifestaziorako oinarrizko eskubidea egikaritzeko mobilizazio/elkarretaratzean parte hartzeko lekualdatzea” izeneko agiria da horixe.