Andoaindarrak eta erritu erlijiosoak, erakusketa batean azalduta

Xabier Lasa 2021ko ots. 12a, 11:50

Jainkozaletasunari eta erlijioari buruzko “Errituak Andoainen XX. mendearen hasieran” erakusketa ireki zuten Basteron joan den astelehenean, eta hilaren 27a bitarte zabalik egongo da. Oso modu didaktiko eta bisualean, erakusketak, iragan hurbileko andoaindarren sinesmen eta ohituretara bidaia egitea proposatzen digu.

Andoaingo Udal Artxiboak eta Burdina elkarteak elkarlanean atondu dute erakusketa, eta Itsaso Mendiluze bere diseinuaz arduratu da.

Erlijioaren kultuarekin erlazionatutako makina bat objektu ikusi daitezke erakusketan; hala nola, gurutzeak, argizaiolak, otoitz liburuak eta debozionarioko liburuak, ur bedeinkatuko ontziak, Mirarietako Amaren irudia, etxe barruko makina bat apaindura, lehen jaunartzeko argazkiak, errosarioak, matraka eta karrakak, isipuak… Objektu horien esanahiaz eta erabileraz ikuslea ilustratzeko, hainbat argazki eta testu jarri dituzte. Idatzizko azalpenak Patxi Etxeberria Tolosa Merdilegi baserrian (Goiburu auzoa) jaiotako jesuitarenak dira; idazle euskaltzaleak oso deskripzio zehatzak idatzita utzi zituen aditzera emanez XX. mendeko lehen bi hamarkadetan andoaindarrek zein modutan bizitzen zuten erlijioa eta sinesmena. 36ko gerra hasi zenerako Asiara abiatua zen misiolari gisa, eta hamarkada ugari egin zituen bertan.  

Aurkezpen ekitaldian Karmele Otaegi Udal artxiboko zuzendariak azaldu zuenez “erakusketa etnografikoa da ikusteko jarri dena; ez da ezer mitifikatzeko asmoz egin, ezta igaro diren garaiekiko nostalgia transmititzeko ere. XX. mendeko errealitate jakin bat azaldu nahi da, erlijioak nola baldintzatzen eta arautzen zuen andoaindarren bizimodua, jaiotzetik heriotza bitarte”.

Otaegik gaineratu zuen iraganeko kontuak direla erakusketan azaltzen diren ohitura eta erritu gehienak, “baina ez pentsa hain-hain iraganekoak direnik. Horietako batzuk oraindik bizi garen belaunaldi askok ezagutu izan ditugu”.

Burdina taldeak urtetan pilatu duen erlijioarekin lotutako ondare materialaren zati bat dago ikusgai Basteron. Ander Otaño elkarte kideak aurkezpen ekitaldian adierazi zuen herritarrengana jo dutela etxean dauzkaten hainbat objektu uzteko eskatuz. “Gogo onez erantzun digute, eta eskertzekoa da erakutsi duten eskuzabaltasuna”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!