Nazioarteko lankidetza sustatzen

Xabier Lasa 2021ko ots. 18a, 13:51

Andoaingo Udalak eta Gobernuz Kanpoko Elkarteek lankidetza berria sinatu zuten, aurreko ostiralean. Desberdintasuna eta pobrezia gehien pairatzen duten herrialde eta komunitateen alde urte luzez hartutako konpromisoa berretsi zuen Udalak.

Maider Lainez alkateak adierazi zuenez “ez dago zalantzarik birus pandemikoak gure jarduera modu erabakigarrian baldintzatu duela. Koronabirusak mugarik, nazionalitaterik eta klase sozialik onartzen ez duela esaten den arren, baieztapen hori engainagarria da, herrialde pobreenek eta klase behartsuenek ez baitituzte pandemiari aurre egiteko baliabide berberak. Horregatik, beste urte batez, nazioarteko lankidetza-proiektuak finantzatzen jarraitu nahi izan dugu”.

 

Bereziki nabarmentzekoa, pandemia garaian

Elkarteetako ordezkariek ere euren egitasmoen berri azaltzeaz gain, esker ona agertu zioten Udalari. Bereziki aurten jasoko dituzten diru laguntzak ezinbestekoak egingo zaizkiela aitortu zuten, kontuan hartuta COVIDak eragindako osasun krisiak, mundu guztia hankaz gora jarri duela eta ahulenak izaten ari direla kolpatuenak. Batetik, aipatu zuten pandemiak are gehiago zaildu diela garapen bidean diren munduko lurralde anitzetan normaltasunez lan egitea. Eta bestetik, hemengo instituzioek aurrekontuak estutu behar izan dituztela, eta eraginez, kaltetua irten dela nazioarteko herriekiko elkartasuna. Doa (Denok Osasuna Alde) elkarteko Roberto Garciak, konparazio batera, bere kooperazio eredua zeharo aldatu behar izan dutela adierazi zuen. “Boliviako Beni Amazoniako eremurik apartatuenetara medikuntza arloko boluntarioak bidaltzea eta kirofanoak antolatzea izan da gure zeregina, orain arte. Baina egokitu behar izan dugu geure ohiko garapen eredua. Izan ere, hemengo mediku eta erizainak lepo dabiltza. Ezin dute hara bidaiatu. Era horretan, botikak eta materiala erosten ari gara hango ospitaleetako azpiegiturak sendotzeko. Beti da premiazkoa hemendik bidaltzen den materiala. Eta are gehiago egun hauetan, COVIDaz gain gainerako gaixotasunek ere hortxe daudelako”.

 

 

Lurdes Lekuona

FASFI (Laguntza Solidarioa Jesusen Alabak Fundazioa).

“Gure egitasmoa Bangladeshen kokatzen da. Fundazioak Garo tribuko neskato gazteentzat ireki zuen barnetegira bideratuko da diru-laguntza. Bertan, 80 bat neskatoek (9 eta 14 urte bitartekoak) bizi dira. Ostatua eta elikadura bermatzeaz gain, arlo guztietan prestakuntza profesionala jasotzen dute. Barnetegiaren azken helburua, etorkizunean, neskato horiek bizimodu autonomoa egin ahal izateko formakuntza pertsonala eskaintzea da.

2011z geroztik ari da garatzen egitasmo hori han. Hain zuzen, Ama Kandidaren kanonizazioa gertatu zen urte hartan, estatu mailan, Elcheko delegazioak lehen urratsa eman zuen Bangladeshen. Eta pixkana-pixkana, beste zenbait delegazio atzetik joan gara, baita Andoaingoa ere”.

 

 

 

Arantxa Odriozola

FISC (Mariaren Konpainia, Nazioarteko Elkartasunerako Fundazioa).

“Managuako Sandino izeneko auzoan osasun proiektu bat garatzeko erabiliko dugu Andoaingo udaletik jasoko dugun diru laguntza. Hain zuzen, gogoratu behar da Mich hurakan tropikalak Ertamerika dena txikitu zuela 1998an. Horren eragin kaltegarrietako bat izan zen Nikaraguako biztanlengo zati handi batek bizi-lekuz aldatu behar izan zuela. Besteak beste, Managua hirian, 10.000 pertsonez osatutako Sandino auzoa sortu zen. Egoera penagarrian bizi da han jende ugari, eta 2000az geroztik gure elkarteak han kooperazio lanak egiten ditu, bertako jendearen hezkuntzaren eta formakuntzaren arloetan. Andoainetik helduko den diru laguntzari esker dispentsario bat irekiko dugu, osasun sustatzaileak formatzeko asmoz. Iruditzen zaigu, poliki-poliki, 700 bat pertsona forma ditzakegula, eta gero, horiek, 10.000 pertsonez osatutako giza kolektibo hori artatu ahal izango".

 

 

 

Gorka Eskalante

Herriak Elkarlanean.

"2016an, Haitiko Lasarre auzoan sei gelako ikastetxe baten eraikuntzan parte hartu genuen. Une honetan lehen hezkuntzako 175 haurrei ematen zaie eskola ikastetxe horretan. Orain, bertatik, beste sei gela eskatu dituzte bigarren hezkuntzari begira. Horrela, 300 ikasleko ikastetxera iritsiko ginateke. Aurrera eramaten kostatzen ari den proiektua da, izan ere, gaizki-gaizki bizi den jende ugari dago eskualde hartan, oinarrizko elikadurara iritsi ezinik. Gauzak horrela, daukagun diru-kutxa hezkuntzaren aurretik dauden larrialdi egoera horietara bideratu beste erremediorik ez zaigu geratu".

 

 

 

20 elkarteen egitasmoak

Hona segidan, zeintzuk diren Gobernuz Kanpoko hogei Erakundeak, euren egitasmoen nondik norakoak, non kokatzen diren eta jasoko duten diru kopurua.

* Salvamento Maritimo elkartea. Sorospen asistentzia (Chios uhartea, Grezia). 9.400 euro.

* Serso San Viator. Emakumeen eta gazteen sareak (Jutiapa, Honduras). 6.300 euro.

* HONEK GKE. Hornikuntzarako putzu bat eraikitzea (Totogalpa, Madriz, Nikaragua). 8.650 euro.

* Zaporeak. Elikadura duin eta osasuntsu baterako eskubidea (Lesvos, Grezia). 7.400 euro.

* Lankidetzarako Ingeniaritza. Txirotasunaren aurkako borroka, edateko ura lortuz (Idjwi irla, Hego Kivu, Kongo). 9.400 euro.

* FASFI. Santa Candida barnetegiko Garo tribuko neskatoen elikadura, hezkuntza eta osasun egoeraren hobekuntza (Utrail, Bangladesh). 5.900 euro.

* AMS (Mundu Solidarioa Helburu). Aukeren ereiten, aniztasun funtzionaleko pertsonentzat formakuntza zentroa eta bizitokia (Diriamba, Nikaragua). 6.300 euro.

* Calcuta Andoain elkartea. Buruko gaixotasuna duten emakumeen birgaitze eta birgizarteratze prozesuen indartzea (Kerala, India). 6.300 euro.

* Taupadak. Osasun sistemaren indartzea (San Ignacio de Moxos, Beni, Bolivia). 9.400 euro.

* Medicus Mundi Gipuzkoa. Emakume adivasiarren eskubide sozial, ekonomiko eta sanitarioaren alde (Gujarat, India). 6.300 euro.

* Bakerako Lankidetza Batzarra. Elikadura hobetzeko oilategien eraikuntza (Ouonk Komunitatea, Senegal). 5.900 euro.

* Herriak Elkarlanean. Eskola berria-III. Fasea (Lasarre, Haiti). 6.300 euro.

* Doa (Denok Osasuna Alde). Sorospen eta formakuntzaren eremuan osasun sistema indartzea (Beni, Bolivia). 6.300 euro.

* Gipuzkoako Oscar Romero Solidaritza Batzordea. Familia nekazarien arnasako eta biriketako gaixotasun arriskua murriztea (Tacuba, Salvador). 6.300 euro.

* FISC (Mariaren Konpainiaren Nazioarteko Elkartasunerako Fundazioa). Nueva Vida auzoko 250 familien osasuna hobetzea eta osasuna sustatzea (Ciudad Sandino, Nikaragua). 3.900 euro.

* Behar Bidasoa. Nekazarien trebakuntza/sendotzea eta nekazaritza eta abeltzantzako jardueren garapena (Kabuga, Rwanda). 8.900 euro.

* Abay Euskadi Nilo Azul. Dillu ikastetxeko azpiegiturak gehitzea eta putzu baten eraikuntza (Dillu, Etiopia). 6.300 euro.

* J.A. Freytter Romero Elkartea. Nazioarteko erantzukizunak gizateriaren aurkako krimenetan. Kolonbiako kasua (Kolonbia). 5.900 euro.

* Munduko Begiak. Itsumen saihesgarrien prebentzioa eta tratamendua hobetzea (Mopti herrialdea, Mali). 6.400 euro.

* Derandein Fundazioa. Lehen hezkuntzaren hobekuntzarako programaren II. Fasea (Turkana, Kenia). 6.300 euro.

 

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!