Aurrerantzean, hilean behin, Ongi Etorri Eskolara proiektuak atal berezia izango du Aiurriko hamaboskarian. Lehen geldialdia: Familia Lagunak programa
Hiru seme-alaben ama da Paula Ferreira. Portugalekoa jaiotzez, eta Bizkaian hezita, Andoainera etorri zen, bere senarraren herrira, orain bi hamarkada pasatxo. Aldiz, Claudia Perazaren familiak bi urte beteko ditu, aurki, Andoainen bizitzen. Bi seme-alaba ditu eta Valentziatik etorri zen, itsasoaz bestalde, Hondurasetik salto egin ostean. Elkar ezagutzen ez bazuten ere, beren bideek bat egin zuten, Ongi Etorri Eskolara proiektuaren Familia Lagunak programan parte hartzea erabaki zutenean.
Zertan datza Familia Lagunak egitasmoa?
Paula Ferreira: Kanpotik Andoainera bizitzera datorren familien bidelagun izatea du helburu egitasmoak. Hala, adin bereko seme-alabak dituzten bi familia jartzen ditu harremanetan. Hasiera batean, hartu-emana esparru akademikoari zegokion, baina guk maila pertsonalean sakondu dugu gure erlazioa.
Nola izan zenuten egitasmoaren berri? Nola iritsi zen aukera zuen eskuetara?
Claudia Peraza: Andoainera iritsi bezain pronto, ongi-etorri gutun bat iritsi zitzaigun, eta asko harritu gintuen horrek, lehenago, Valentzian, esaterako, ez baikenuen, sekula, horrelakorik jaso. Horrela, Ongi Etorri Eskolara erakundea gurekin jarri zen harremanetan. Familia Lagunak programaren berri eman zidaten, eta nik bertan parte hartzeko aukerari eutsi nion. Batez ere, nire semearengatik, apur bat hemengo dinamikan sartzeko.
P.F.: Ondarreta Ikastetxeko bilera baten bidez izan nuen programaren berri. Gainera, egitasmoa baino lehen, geure semeak ikasgela berean egon ziren, urtebetez, eta lagun handiak egin ziren. Orain, programari esker, are estuagoa da beren harremana.
Zein harreman garatu dute zuen familiek programari esker?
P.F.: Konfinamenduan, esaterako, geure semeak internet bidez konektatu izan dira batera etxeko lanak egiteko.
C.P.: Pandemia-egoera baino lehen, hainbat irteera egin izan ditugu bi familiek batera, programaren eskutik. Zenbait leku bisitatzeko aukera ematen dizu. Egoera epidemiologikoa medio, okertu egin du egunerokoa, baina, hala ere, gure familiek elkartzen jarraitu dute, ahal izan denean.
Claudia, zer ikasi diozu Paulari eta bere familiari?
C.P.: Izugarria izan da bizipena. Niretzat sostengua izan da Paula. Valentziarik etorri nintzenean, oso bakarrik sentitzen nintzen, izan ere, ez nuen hemen egon nahi, negar asko egin nuen. Hala, Paula euskarri izan dut, zentzu guztietan, ez bakarrik Familia Lagunak programaren harira. Ulertzen ez ditudan gauzak argitu dizkit uneoro, edota garraio publikoko ordutegien berri eman, baita nire semea zaindu ere. Biziki eskertzen diot hori guztia.
Eta zuri, Paula, zer eman dizu Claudia eta bere familia ezagutzeak?
P.F.: Izugarri gozatu dut esperientzia, izan ere, familia ezagutzeko aukera izan dut eta zoragarriak dira. Badakit zer den ezagutzen ez duzun herri batera bizitzera etortzea.
Baliagarria izan al da batak bestearen errealitatea ezagutzeko?
P.F.: Laguntasun-harreman ederra erein da, eta programak lagundu du horretan. Behar bada, parte hartu izan ez bagenu, egun, ez genuke elkarren berri izango. Programak konpromisoa eskatzen du hasieran, baina denborak aurrera egin ahala, sendotu egiten da harremana eta ez duzu programagatik egiten, barrenetik ateratzen zaizulako baizik.
Bi urteko iraupena du programak, eta amaitzear zaudete zuek. Atzera begira ipinita, nola oroitzen duzue hasiera?
C.P.: Oso pozik nengoela dut gogoan nik, baina harriduraz hartu nuen programa, ez baitnuen lehenago ikusi horrelakorik. Pandemiak oztopatu egin du, baina gu geure kontura gelditzen gara.
P.F.: Neuk ere hasiera oso polita oroitzen dut, maiz gelditzen ginen, gauza sakonez hitz egiteko, baita elkarren bizi-esperientzia ezagutzeko ere.
Zergatik da garrantzitsua horrelako egitasmoak egotea?
C.P.: Beste leku batetik etorri nintzen ni. Babestuta sentitzen zara ikusten duzulako zure alboan badela jendea.
P.F.: Oso garrantzitsuak dira horrelako proiektuak. Geure herrian eroso gaudenean, zaila egiten zaigu kanpotik datorren jendearen lekuan jartzea. Eta horretan lagunduko zaituen norbait ondoan izatea garrantzitsua da. Gainera, Lola Boluda (koordinatzaile orokorra) eta Jone Soto (Andoaingo arduraduna) izugarrizko lana egiten ari dira, ez, soilik, eskolak ezagut dezan programa, baizik eta Andoain osoak izan dezan horren berri.