Migel Goikoetxea Balerdi atzo hil zen 71 urte zituela. 60 eta 70eko hamarkadetan talde ugarietan jokatu zuen Goikoetxeak, estatu osoko hainbat lurraldeetan barrena.
gazte mailako urratsak Euskaldunan egin ostean: Logroñes, Betis, Alaves, Melilla, Rabat eta Murtziako taldeetan hain zuzen. Orduan estatuko ligan ziren maila guztiak ezagutu zituen, Betisekin goren maila. Aiurri aldizkariari 2012ko otsailean eskaini zion elkarrizketan, futboleko profesional gisa egindako ibilbideko oroitzapenak kontatu zituen.
71 urte zituen, eta Mariado Guelbenzu bere emaztea zen, eta Mikel, bere semea. Bere arimaren aldeko hileta bihar, asteartearekin, San Martin parrokian egingo da, 18:30etik aurrera.
Euskaldunako jubeniletan hasi zuen futbolari gisako ibilbidea. 1,77 metroko mutilak agudo erakutsi zuen aurrelari goleatzailearen sena, eta ia beti bederatzi edo hamar zenbakia bizkarrean zeramala zelairatu izan zen han hemen. 1966-1967an, Euskaldunarekin hirugarren mailan Juan Maria Lasa entrenatzailearen agindutara jokatu ostean, Logroñesek fitxatu zuen. Ordurako, Real Sociedad ere atzetik zebilkin. Aiurriri adierazi zionez, Xabier Exposito Realeko ordezkaria bere etxera eskaintzak egitera etorri arren, nahiko jarrera itxia sumatu zion taldeari, “garai hartako Realean diru gehiago ordaintzen zieten kanpotik zetozenei etxeko jokalariei baino”. Zapuztuta geratu zen aukera hori, hortaz.
Logroñesen hiru denboraldi jokatu zituen (1968-1971), eta horietan bi igoera ezagutu zituen, hirugarren mailatik bigarrenera eta bigarrenetik lehen mailara. 40 gol sartu zituen hiru denboraldi horietan; Logroñeseko zaletuentzat nahiko ohikoa egin zen partidu berean ospatzea Goikoetxearen bi edo hiru gol.
Bere ibilbideko urterik gozagarrienetakoak Logroñsen bizi izan zituela adierazi zuen Aiurriri eskainitako elkarrizketan: “Oso urte onak izan ziren. Taldea bigarren mailatik lehenengo mailara igotzea lortu genuen eta hura izugarria izan zen. Jendearen poza, ospakizunak..., oso polita izan zen hura guztia. Autobusean zeharkatu genuen hiria eta jendearen harrera izugarri izan zen. Kirol mailan egindako lorpenik handienetakoa han bertan lortu nuen: izan ere bigarren mailako goleatzailerik onena izatea lortu nuen hogeita lau gol sartuta”.
Makina bat taldeetako jokalaria
Taldez talde jokatzen ibiltzearen ohitura ez da oraingo jokalarien kontua. Iraganean ere baziren nomaden antzera jardunez talde desberdienen kamixeten bilduma egiten zituzten jokalariak, nahiz eta proportzioan, inondik ere ez irabazi egungoen antzera. Horietako bat izan zen Migel Goikoetxea andoaindarra. Goleatzailearen merezitako fama bizkarrean zeramala, makina bat taldek fitxatu zuten denboraldi batetik bestera. Beti izan baitira estimatuak halako ezaugarriak dituzten jokalariak, gola esentzia duen kirolean.
Horrela, beste zortzi taldeetako kamixeta jantzi zituen hurrengo urtetan: Real Betis (Lehen maila), Alaves (Bigarren maila), Ferrol (Bigarren maila), Rabat (Bigarren B maila), Melilla (Bigarren B Maila), Badajozeko Diter Zafra (Bigarren B maila), Cadizeko San Fernando (Bigarren B maila) eta Murtzia (Bigarren B Maila).
70.eko hamarkadaren hondarrean, azkenik, profesional mailako ibilbideari amaiera ematea erabaki zuen.