"Oraindik ere estutzen nau oholtzara igotzeko uneak"

Eneko 'Okene' Abrego Txopeitia Inoren Ero Ni taldeko abeslaria da. Andoaingo Rock jaialdiaren aurtengo edizioan parte hartuko dute. Ondarreta ikastetxeko jolastoki estalian ariko dira larunbatean, 19:00tan hasita.

Zenbat denbora daramazue jendaurrean aritu gabe?

Musika eroa eta dantzagarria da gurea, eta ikusita gauzak nola zeuden eta zuzenekorako jartzen ziren arazoak, ez jotzea erabaki genuen pandemiaren hasieran. Egoera luzatzen joan da, ordea, eta halako batean eszenategietara itzultzea erabaki genuen. Dena esatera, nahiko kaskarra izan zen gure lehenengo emanaldia, ez geunden ohituta eserita dagoen jendearentzat aktuatzera, ezin publikoa altxarazi eta dantzan jarri! Poliki-poliki errealitate berrira nola egokitu ikasten aritu gara. Neu ere beste modu batera nabil eszenategian, mugimenduak gehiago kontrolatuz eta horrela. Zenbait jarraitzaileek adierazi digute orain beste modu batera ikusten gaituztela, arreta gehiago jartzen diotelako taldearen hainbat detaileei: doinuak, letrak… Izan ere, gaztetxetan eta halako lekuetan jo ohi dugu asko, eta horietan, badakizu, taberna-barra gainezka, jendea marmarka, zarata nonahi…   

Larunbateko kontzertua zure herrian jotzeak, berezitasunik eransten al dio?

Berrogei urtetik gora daramat oholtza gainean, eta gezurra badirudi ere, oraindik ere estualdia sentitzen dut edonongo oholtzara igo aurretik; espero dut ez galtzea tentsio puntu hori, premiazkoa delako! Eta zer esanik ez Andoainen denean kontzertua… Halakoetan beti eragin dute zirrara nigan, eta larunbatekoa ere trantze berekoa izango da, are gehiago jakinda familiakoak, adiskideak, lagunak… aurrez-aurre edukiko ditudala. 

Inoren Ero Ni “euskal post rockaren kultuko talde” gisa aurkeztu zuten, Rock Jaialdia aurkeztu zutenean…

Barre pittin bat eragin zidan definizio horrek, egia esanda. Zaila egiten zait dena etiketekin sailkatu behar horretan sartzea, baina ulertzen dut, hain zabala baita pop eta rockaren mundua… Alde horretatik, zergatik ez, onargarria izan liteke gurea post rocka dela esatea. Izan ere, gure ibilbidean, progresiboki, musika estilo askotara zabaltzen joan baikara, eta gaur egun gure musikan denetik baitago, izan jazza, izan soula, izan punka...

Finkatuta daukazue estiloa, eta esperimentazioari ekiten diozue.

Lau musikariok lagun minak gara, elkar ulertze maila handia daukagu taulagainean; horrela, sendotasun handiko taldea osatu dugu, eta esango nuke kasik ez dugula entseiatu ere egin beharrik. Alde horretatik, oso irekiak gaude esperimentaziorako, jolaserako, inprobisaziorako... Abesti batekin hasi, eta kapaz gara beste batekin amaitzeko. Pentsa, zuzeneko akatsak ere baliagarri zaizkigu bide berriak urratzen joateko!   

“Momentua bizitzea” aldarrikatzen duzue Il cercatore di perle azken diskoan.

Diskoan “orain eta hemen” dioen filosofia sarrera gisa erabiltzen dugu kantu baten bidez, eta zuzenekoetan mezu hori zabaltzen saiatzen gara. Alegia, ahaztu buruan dabilkizun kezka hori, ahaztu lehenxeago ez dakit norekin eduki duzun eztabaida hori, ahaztu bihar zeintzuk diren egin beharreko eginkizunak…. Zuzeneko kontzertu batean zaude, eta goza orain eta hemen. Errepikaezina izaten baita bizi dugun unea, errepikaezina ze espazioetan gauden, zertan ari garen, norekin…

Autodidakta izan zara beti, eta ahotsa gero eta landuagoa duzula aitortu izan duzu.

BAPekin hasi nintzenean, garrasi egiten nuen kantatu baino gehiago. 80ko hamarkada zen, eta musikaren kontzeptu jakin bat zen nagusi, punkaren inguruan egundoko eztanda gertatu baitzen. “Egin ezazu zeuk, nahiz eta ez jakin; ahal duzulako!” zen punkaren leloa. Premia horrekin hasi ginen lagun batzuk, BAP osatuz. Hala ere, bigarren diskoaren bueltan haustura gertatu zen hasierako formazio horretan, eta Jon Oiartzun 'Jomes' eta Mikel anaia erantsi zitzaizkigun taldera, oso musikari bikainak. Xabier Olazabal 'Drake' eta bioi ikaragarrizko bultzada, eragin zigun horrek: 'Drake'-k, musika formazioaren ikuspegitik txistua jotzen besterik ez zekien orduan, eta ikustekoa da geroztik eman duen eboluzioa eta egun nolako ospea daukan estatu mailan baju-jole gisa.

Neu ere etengabe ari naiz ahotsa hobetzen, eta gogoko dut kantuen melodia eta doinuekin uztartzea, tonuak aldatzea, efektuekin distortsionatzea… Dibertigarria egiten zait jolas hori, eta kantariaren figurarekin bat datorren eboluzioa dela iruditzen zait. Aspalditik jarraitzaile izan ditudan batzuren batzuk azken aldian zera aitortzen didate: “Aizak, Okene, ondo abesten eta guzti hasi haiz azkenean!”. Eta nik erantzuten diet, “berrogei urtetan zerbait ikasiko al nian!”.

Tronpeta jotzen ere hasi zara…

Ez daukat formazio akademikorik musikagintzan, eta ez dakit zer diren solfeoko fa, mi, la… Baina tronpetari heldu diot azken aldian, inprobisazioa dut ipar eginkizun horretan ere. Haizea sartzen diot musika-tresna horri, tarteka zerbait entzungarria lortzen dut, eta bestetan desafinatu egiten dut.

-Gailu proiektua berriro plazaratzeko asmoa duzue Mikel anaiak, Olazabal 'Drake'k eta hiruek, hogei urtez lozorroan eduki eta gero…

Ezusteko polita izan da 'Drake' eta Mikel anaiarekin -Gailu proiektua berrindartzea, eta gozatzen ari naiz, ilusioa piztu didan egitasmoa baita. 'Drake' eta Mikel hamazazpi abestiekin entseiatzen aritu dira, eta ondoren Mikelek berak ordenagailuaren filtrotik pasa ditu, orduak eta orduak igarota jardun horretan. Azkenik, Garate musika-etxeko Martxel Arkarazok egundoko lana egin du ekoizpenean. Horrela, Begiak, Egiak Ba Ote? izenburuko diskoa da prozesu guztiaren emaitza. Hamabi abesti biltzen dira bertan, eta sortutako beste bostak errekamaran gordeta dauzkagu, noiznahi zabaltzeko moduan. Ea gai garen urritik aurrera zuzeneko emanaldiekin hasteko! 

"Gaua" kantuaren bideoklipa zabaldu duzue (Aiurriko web orrian ikusgai) aurrerapen gisa. Musika elektronikoa da, hortik jotzen al du diskoak?

Diskoko doinurik “modernoena” da zabaldu dugun kantu hori. Aspaldiko bertso batzuk musikatzen ditu, eta aitortu behar dut harriduraz begiratzen niola hasieran, kosta egiten baitzitzaidan irudikatzea bertsogintza eta erritmo modernoak, elkarrekin. Denboraren poderioz, baina, ulertu dut ezin egokiago kabitzen dela diskoan, gainerako abestiekin batera.

Fermin Muguruzak promozioko kritika idatzi digu diskorako, eta rural elektro hard-core gisa definitu du gure proiektua. Zerbaitetan asmatu duela esan daiteke, ez baikara hirikoak; herrian dauzkagun sustraiak, eta gauzak egiteko edo musika ekoiztu eta adierazteko orduan antzematen da jatorri hori.

Erlazionatuak

"Urtez urte handitzen doan jaialdia da Andoaingoa"

Andoain

J.A. Areta Goñi "Juxe" Andoaingo Rock Jaialdiko erakusketako argazkilaria da. Larunbatean rock-jaialdira hurbiltzen direnek atzera begirako ...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!