Pablo Izagirre Areta aitzindarietakoa izan zen txirrindularitzaren historian; kirolari bikaina izan zen, lortutako emaitzak kontuan hartuta. Baldintza kaskarrei neurrigabeko zaletasunarekin aurre egiten zieteneko garaietan ibili zen errepideko lehiaketetan. apenas jasotzen baitzuten laguntzarik. Egin behar da kontu, proba ofizialetan, txirrindulariek eurek konpondu behar izaten zituztela gurpil zulaketak, eta tubularrak ere bizkarrean eraman behar izaten zituztela. Are gehiago, lasterketetara, maiz, etxetik bizikletan joaten zirela aitortu izan zion Izagirrek Aiurriri, 2009ko uztailean eskaini zion elkarrizketan.
Azpeitian 1929an jaio zen, baina Etxeberrieta auzora etorri zen oso gaztetan familiarekin batera. Aita, Silberio, Real Sociedadeko jokalaria izan zen, ezker-hegaleko jokalaria; Espainiako selekzioarekin Anbereseko Olinpiadetan parte hartu zuen 1920an.
Pablo Izagirre Nikolasa Langararekin ezkondu, eta hiru seme alaba izan zituzten. Herriko etxeetan bizi arren, etxeberrietatarra sentitu zen beti; emaztea ere auzo berekoa zen, eta biak ere auzo bazkarian hutsik egiten egiten ez zutenenetakoak ziren, Etxeberrietako jaietan. 2009an, omenaldia eskaini zioten auzo horretan, kirolari ez ezik pertsona gisa ere handia izateagatik.
Gaztetan kirolari amorratua izaki, lehenbizi korrika hasi zen Patxi Irizar Garro-rekin batera, eta zenbait proba irabazi zituen Gipuzkoa mailan. Baina laster, kirolaz aldatzea erabaki zuen, bizikletari heldu zion. Horrela, 50eko hamarkadan hainbat garaipen lortu zituen Gipuzkoa eta Euskal Herria mailan. 1954a izan zen urterik emankorrena Izagirrerentzat, Itsasondon Gipuzkoako txapelketa eta Altsasun Vasco-Navarro txapelketa irabazi, eta segidan, Bartzelonan jokatu zen Espainiako txapelketan hirugarren geratu baitzen.
Añorgako harrobian urtetan jardun ostean, bizikleta konpontzaile gisa aritu zen hamarkadetan, Etxeberrieta auzoan ipini zuen tailerrean; Martin semeak ere jarraitu zuen negozioarekin.
Adinean aurrera joan arren bizikletari makina bat pedalkada ematen jarraitu zuen, Andoaingo Leizaur zikloturistekin batera.
Bestalde, etxean, Martin eta Pablo bere bi semeei bizikletarako grina ere kutsatu zien, biak ere nahiko aurrean ibili baitziren lehiaketetan, afizionatuen mailan.
Izagirre alargun geratua zen asko ez dela; Niko Langara, bere emaztea, 2020ko azaroaren 29an hil baitzen.