Hona aurten nabarmendu diren odol emaileak:
* 25 odol-emate: Begoña Canflanca, Asier Hurtado, Gabriel Narciso eta Xabier Lasa.
* 50 odol-emate: Iñaki Agirre.
* 60 odol-emate: Isabel Santa Cruz.
* 75 odol-emate: Nicasio Murillo eta Ignacio Urdanpilleta.
* 100 odol-emate: Julian Zipitria.
Guztiek ere esker oneko oroigarriak jaso zituzten Maider Lainez alkatearen eta Andoaingo odol-emaileen elkarteko ordezkarien eskutik.
Aldi berean, Andoaingo odol-emaileen elkarteko bultzatzaileak izan ziren hiru herritar bereziki gogoan hartu zituzten, aurten bertan hil baitira: Maria Jesus Mendiluze, Joxepi Alduntzin eta Jose Antonio San Juan, hain zuzen. San Juani oroigarri berezia eman zioten 24 urtez herriko elkarteko ordezkaria izan zelako; Xabier bere semeak jaso zuen oroigarria.
Biziak salbatzen dituen ekintza xumea
Halaxe deskribatu zuen Joxe Mari Tolosak odola ematearen ekintza. Hona ekitaldian egin zuen mintzaldia, osorik:
“Gaur egun pozgarria da Andoaingo odolemaileen Elkartearentzat, Zorrak kitatzeko eguna delako, eskerrak emateko eguna.
Urtetan zehar, zitzon-zintzo, odola besteentzako ematera etorritakoei, gure eskerra eta aitortza adierazi nahi diegu.
Iaz egitekoak ginen, bana COVID pandemia dela-eta, ezin izan genuen ekitaldia ospatu.
Ez genuen ahaztuta, ordea, eta iritsi da eguna.
Gaur bederatzi odol-emaile omentzen ditugu. Omenaldi xumea da hau, baina oso-oso sentitua.
Zuen eskuzabaltasuna aitortu nahi dugu gaur.
Izan ere, zuen artean badira hogeita bost aldiz odola eman dutenak. Badira gehiagotan eman dutenak. baita ehun aldiz ematera iritsi denik ere.
Denak dira garrantzitsuak. Banan-bana, guzti-guztiak dira ezinbestekoak, beste norbaiti laguntzeko. Emandako odol tanta bakoitzak beste bati gaixotasunetatik suspertzen laguntzen diolako. Batzuetan, bizia ere ematen diolako.
Elkartasuna erakusteko modu asko daude. Gurea odola ematea da. gauza xumea irudituko zaio norbaiti. Baina osasuna eta bizia salbatzen ditu gure ekintza honek.
Eta gauza bat esan nahi nizueke bukatzeko: odol emateak besteei bakarrik ez, guri ere laguntzen digu. Pertsona hobeak egiten gaitu.
Horregatik, Andoaingo Elkartearen izenean, zorionak zuei. Eta eskerrik asko, bene-benetan, zuen borondate onagatik eta zuen konstantziagatik.
Bejondeizuela!”.