Tokiko errealitatera egokitzea dakar, maiz, herri berri batera bizitzera joateak; hala, lur hartzeko, denbora behar izaten da. Amu horri tira egin dio Ongi Etorri Eskolara egitasmoak Andoainen, eta ikus-entzunezko baliabide-gida bat sortu du kanpotik herrira bizitzera lekualdatzen diren kideentzat. Nigeriakoa da Maris Stephen; Venezuelakoa, Susan Caman. Egun, Andoainen bizi dira, baina biek ala biek ez zuten eskura izan baliabide-gida; nolanahi ere, hori sortzeko proiektuan hartu dute parte, etorkizunari begira, lagungarria izango delakoan.
Gogoratzen al duzue Andoainera etorri zinetenekoa?
Susan Caman: Orain bi urte iritsi nintzen Bilbora, eta jarraian etorri nintzen Andoainera. Nire senarra ibilia zen lehenagotik inguruan eta ezaguna zitzaion. Alabaina, jakinaren gainean egoteko, ahal bezala aritu zen, hara eta hona, galdezka. Bideoaren azken emaitza ikustea zoragarria izan zen, izan ere, baliagarria da atzerritarrentzat, batez ere, apur bat beren burua kokatzeko.
Maris Stephen: Duela lauzpabost urte etorri nintzen Andoainera. Susan legez, ni ere galduta sentitu nintzen herria iritsi nintzenean. Lagun batek bideratu zidan apur bat hasieran; esaterako, errolda-agiriarekin lagundu zidan, hori gabe ezer gutxi egin zenezake-eta. Halaber, ikastaroen bidez jendea, ohiturak nahiz lekuak ezagutzeko aukera daukazu.
Beraz, baliabide-gidaren falta igarri al zenuten zuen etorreran?
S.C.: Bai. Hala ere, beste proiektu batzuen bidez murgildu gara herrian. Hala nola, Familia Lagunak egitasmoan hartu genuen parte. Venezuelakoa naiz ni eta hasieratik izan dugu xede ahalik eta azkarren lekukotzea Andoainen. Horrexegatik hartzen dut parte ahal bezain bestetan horrelako egitasmoetan. Horiei esker, nire semeek lagun handiak egin dituzte. Garrantzitsua da niretzat hemengo kultura errespetatzea eta maitatzea, gure ohiturei muzin egin gabe. Hortaz, garrantzitsua da nire semeak Andoaingo parte sentitzea.
M.S.: Baliabide-gida izan ez badugu ere, beste aukera batzuei eutsi diegu. Nik ere hartu dut parte Familia Lagunak egitasmoan eta oso garrantzitsua izan da niretzat; makina bat plan egin ditugu batera, eta nire alabak oso pozik daude. Besteak beste, herri inguruko berdeguneak ezagutu ditugu eta lehenago ez genuen toki horien berri.
Zergatik erabaki zenuten baliabide-gida sortzeko egitasmoan parte hartzea?
S.C.: Garrantzitsua iruditzen zait proiektuari ekarpena egitea. Gainera, hemen askotariko ekintzak daude, eta ahal den neurrian, interesgarria da horietan guztietan parte hartzea. Jendea animatu behar dugu horrelako proiektuetan parte hartzera, bestela, galdu egiten dira.
M.S.: Bidea zabaltzen dizu baliabide-gidak. Izan ere, Andoainera bizitzera datorren jendeak horri esker badaki zein pauso eman behar dituen lehenik eta behin. Gainera, oso modu errazean jaso daiteke gida, link baten bidez, hain zuzen ere.
Etorkizunari begira, garrantzitsua da baliabide-gida etorriko den jendearentzat.
Zer ikusten da bideoan?
S.C.: Errolda-agiriaz zein osasun-txartelaz mintzo da gida. Bestalde, Andoaingo hiru ikastetxeen berri ematen du, baita helduen hezkuntzaz informazioa bermatu ere. Bestalde, AEKri eta Gizarte Zerbitzuei buruz jarduten da. Finean, herriko hamaika zerbitzu ditu oinarri bideoak, horien garrantzia, kokalekua eta kontaktua.
Gainera, hainbat hizkuntzatan dago egina, ezta?
S.C.: Hori da, gaztelaniaz, arabieraz, ingelesez, eta, orain, berriki, errumanieraz ere egin da, zeren horiexek baitira, euskaraz gain, Andoainen hiztun gehien dituzten hizkuntzak. Oso gustuko dut bideoa, besteak beste, ulermen-arazoak izanez gero, irudi bidez ere azaltzen delako edukia. Oso argigarria da.
Zergatik da garrantzitsua zuentzat baliabide-gidan eta, oro har, Ongi Etorri Eskolara proiektuan parte hartzea?
S.C.: Beste zenbait familia ere egitasmora batu daitezen, eta guztiok batera jarraipena eman diezaiogun. Askotariko zerbitzuak ditu Andoainek, eta oso aberasgarria da bizipenak partekatzea.
M.S.: Andoain txikia da Gipuzkoan. Baina horrelako proiektuek ikusgarritasuna ematen diote herriari, erreferente bihurtu. Horrela, agerian gelditzen da herrian jendeak mugitzeko duen borondatea, bizitoki ederra dela ikustarazteraino.
S.C.: Aitzindari da Andoain, erreferentzia ederra, gainerako herriek ere horrelako proiektuak martxan jartzeko.