Oiartzabal, Errenteriako Bandarekin eta Donostiako txistulariekin

Aiurri 2021ko ira. 10a, 14:41

Joxe Mari Oiartzabal Andoaingo musikariak Errenteriako Musika Banda eta Donostiako Udaleko Txistulari Taldea zuzenduko ditu Donostiako Trinitate plazan larunbat honetan egingo duten kontzertuan. Mirri, Txirri eta Txiribiton pailazoen kantutegiko hainbat pieza formatu sinfonikorako moldatu ditu azken aldian, eta bigarren zatia estreinatuko dute Donostian, animaliak hizpide dituzten kantuekin osatutakoa hain zuzen.

Lehenengo zatia joan den ekainean, Hernanin, bertako Musika Bandarekin eta Donostiako Udal Txistulariekin batera aurkeztu zuten, eta ondoren, Donostian errepikatu zuten kontzertua.

(Klik batera, Donostiako kontzertu hari buruzko kronika, zenbait bideo barne).

Argazkian, Oiartzabal, Txirri (Xabier Otaegi), Mirri (Jose Ignazio Ansorena) eta Txiribitonekin (Txema Vitoria), eta horien ondoren heldu ziren Txirri (Peru Ansorena), Mirri (Kattalin Ansorena) eta Txiribiton (Juanma Zaldua) gazteekin ageri da, Donostian ekainean.

 

Trinitateko plazan, euskal konposatzaileen piezak

“Gabiltzan kalez kale” du izenburua Trinitate plazan larunbatean eskainiko duten kontzertuak, eta pailazoen kantuekin osatutako suiteaz gain, honako kantu sorta entzungo dute plazara hurbiltzen diren musika zaleek: Donostia (Antonio Peña y Goñi), Gabiltzan Kalez Kale (Pablo Sorozabal); Idiarena (Eduardo Gorosarri); Brakaman (Raimundo Sarriegi); Antxineko abestiak (Joxe Mari Altuna); Txori Kantak (Bonifazio Lekuona); eta, Bigarren kalez kale (Pablo Sorozabal).

Oiartzabalek, datorren urtean 50. urteurrena beteko duen Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo hirukotearen kantutegiarekin ordu erdiko suitea osatu du (formatu osoan nahiz murriztuan interpretatzeko), eta hemendik aurrera, Gipuzkoako Musika bandek erabiltzeko moduan izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!