Euskal haurren gozagarri izandako pailazoen ohorez, 2. suitearen estreinaldia

Aiurri 2021ko ira. 14a, 11:25

Jose Ignazio Ansorena (Mirri), Peru Ansorena (Txirri junior), Kattalin Ansorena (Mirri junior), Juanma Zaldua (Txiribiton junior), Alain Ayerdi, Joxe Mari Oiartzabal eta Txema Vitoria (Txiribiton), Donostian

Joxe Mari Oiartzabal Andoaingo musikaria zuzendari zutela, Errenteriako Musika Bandak eta Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen kantekin osatutako bigarren suite-a estreinatu zuten Donostian, larunbatean. Oiartzabalek, azken aldian, pailazo mitikoen hainbat kanta formatu sinfonikorako prestatu ditu, aintzat izanda hirukoteak 2022an bere ibilbidearen 50. urteurrena ospatuko duela. Pintto-pintto, Ttip eta Ttup, Allakuidaus eta beste kantu sonatuekin osatutako bigarren suite-a, ikusgai klik batera:

 

Kontzertua Alain Ayerdi Errenteriako Musika Bandako zuzendariaren gidaritzapean egin zen, eta Oiartzabalek gonbidatu gisa jardun zuen. Donostiako udal txistulariak, berriz, Jose Ignazio Ansorena Mirri-k zuzendu zituen. Horiekin guztiekin, Donostiako Musika Eskolako zenbait txistulari ere aritu ziren.

Pailazoein omenez egindako lehenbiziko suite-a, Hernanin estreinatu zuten, bertako Musika Bandarekin eta Donostiako txistulariekin, eta ondoren gauza bera egin zuten Donostiako Santa Maria Basilikan (kronika eta bideoak).

Donostiako Trinitate plazan larunbatean eskaini zuten kontzertua, Errenterian errepikatuko dute aste buru honetan.

 

Beste zenbait kantu, ikusgai

“Gabiltzan kalez kale” izenburua zeraman Donostiako kontzertuak, eta pailazoei eskainitako piezaz gain, euskal kantutegi tradizionaleko beste hainbat kantu interpretatu zituzten. Tartean, Donostia (Antonio Peña y Goñi), Gabiltzan Kalez Kale (Pablo Sorozabal); Idiarena (Eduardo Gorosarri); Brakaman (Raimundo Sarriegi); Antxineko abestiak (Joxe Mari Altuna); Txori Kantak (Bonifazio Laskurain); eta, Bigarren kalez kale (Pablo Sorozabal).

 

* Oroitzapena:

 

* Idiarena (Eduardo Gorosarri):

 

* Txori kantak (Bonifazio Laskurain):

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!