Orain sei bat urte lur hartu zuen Maria Panicik Andoainen. Aski ezaguna da, egun, herrian: 4'EM pizzeriako jabea izateaz ez ezik, Andoainen antolatutako makina bat proiektutan hartzen du parte. Bere etorreraz, ibilbideaz eta kulturartekotasunak duen garrantziaz, garden bezain zintzo.
Noiz iritsi zinen Andoainera?
2016. urtean ailegatu nintzen, hain zuzen ere, uztailaren 16an. Nire senarrak bi urte zeramatzan hemen lanean enpresa batean. Errumaniara etorritako bixitaldi batean proposatu zidan familia guztia Andoainera lekualdatzea bizitzera. Lehenago, 2007. urtearen bueltan, Bartzelona alboko herri batean bizitzen egon ginen, Bergan, harik eta enpresak itxi zuen arte, krisi ekonomikoa medio. Hala, Errumaniara bueltatzea besterik ez genuen izan. Pena handiz hartu genuen erabakia, izan ere, maitemindurik gelditu ginen bertako bizimoduarekin.
Zenbait urtez Errumanian bizitzen egon ostean, nire senarrak lana lortu zuen Gipuzkoan. Urte eta erdiz egin zuen hemen berak bakarrik, eta, ondoren, familia guztia etorri ginen: ni, nire senarra eta gure hamalau eta bi urte inguruko alabak.
Ezagutzen al zenuen Euskal Herria?
Ezer gutxi ezagutzen nuen; oso euritsua zela, horixe nekien. Gogo handia nuen etortzeko, ezagutzeko eta ea zer moduz moldatzen ginen ikusteko; era berean, beldurra sentitzen nuen, aldaketa handia zelako, hizkuntzari dagokionez, esaterako. Alaba zaharrenak etortzeko gogoa zeukan.
Senarraren soldatarekin bizi ginen hasieran. Alaba gazteena Ondarreta ikastetxeko haurtzaindegian sartu nuen; zaharrena, berriz, Leizaran Institutuan. Lehen urtea apur bat zaila izan zen, baina berehala hartu zioten martxa.
Gogoan al daukazu Andoainera iritsi zinen lehen eguna?
Frantziako muga pasa orduko sentitu genuen Euskal Herriko aireraren freskotasuna. Irratia entzuten ari ginela sartu ginen herrian, eta gogoan dut nola behin eta berriro errepikatzen nion neure buruari: zer egingo dut nik aurrerantzean? Galduta sentitzen nintzen hasieran, ez baitnuen inor ezagutzen.
Nire bizilagunak lagundu zidan herrian murgiltzen. Udaletxera lagundu zidan eta beharrezko telefono-zenbakiak bermatu zizkidan. Alaba zaharrari kostatu zitzaion martxa hartzea institutuan, zipitzik ulertze ez zuen hizkuntza zelako euskara. Halere, mutil errumaniar bat zuen klasean eta lagungarria egin zitzaion.
Zaila izan arren, ez dit sekula esan Errumaniara itzultzeko; nik, aldiz, maiz pentsatu izan dut, eta bera izan da hemen gelditzeko indarra eman didana. Alaba txikiak negarra egiten zuen hasieran; hala eta guztiz ere, pixkanaka-pixkanaka hartu zuen erritmoa.
Txalaka tabernan hasi nintzen sukaldari-laguntzaile gisa. Egun batean, nirekin jarri zen harremanetan gizarte-langilea galdetzeko ea herriaren aldeko ekimen batean parte hartu nahi ote nuen: kulturarteko bazkari batean 300 bat pertsonentzako Errumaniako janaria kozinatu nuen. Sarmalea prestatu nuen Anarekin batera; bera ere Errumaniakoa da. Arrakasta handia izan zuen, izan ere, jende andana gelditu zen platera errepikatzeko gogo handiarekin.
Hori izan al zen herrian parte hartu duzun hamaika proiekturen lehena?
Hala da, harrezkero, ez naiz gelditu. Oso gustuko dut herriarentzat gauzak egitea, maitasun handiz parte hartzen dut, gainera. Pixkanaka-pixkanaka, herriarekin maitemintzen joan naiz. Ongi Etorri Eskolara programa medio, esaterako, eskolara joan nintzen liburu bat errumarieraz irakurtzera, baita liburuaren egunean liburutegian ere. Programa horri esker jabetu naiz jendeari gustatzen zaiola kultur aniztasuna.
Leku aproposa al da Andoain bizitzeko?
Nire familiarentzat, bai. Oso gertu daukagu itsasoa, baita mendia eta erreka ere. Leihoak ireki eta nire sorterriarekin gogoratzen naiz, antzekotasun handiak hartzen dizkiot. Ez dut bertako paisaia faltan botatzen. Ez zaigu ezer falta, pozik gaude hemen. Errumaniarekin gogoratzen naiz Leitzaran erreka entzuden dudanean: ertzera joan eta bertan esertzen naiz, lasai, haurtzaroan, nire gurasoen baserrian egoten nintzen bezalaxe.
Gainera, zurea da Agustin Leitza kaleko pizzeria, herrian oso ezaguna.
Errumanian pizzeria batean egon nintzen lanean, eta asko ikasi nuen lau urtean. Horri jarraipena eman diot hemen, 4'EM familia negozioan. Askotan galdetzen nion neure buruari ea inoiz nire proiektu propioa sortuko ote nuen. Jabetu naiz iristen direla gauzak itxoiten dakienarentzat. Niri iritsi zitzaidan, adibidez, ailegatu behar zen bizi momentuan. Iluntze-gau partean egiten ditut lan lau orduz; nire alabez zaintzea ahalbidetu dit horrek. Loteria tokatu zitzaidan lanean, eta oso garrantzitsua da hori niretzat, baita nire familiarentzat ere. Oso gustuko dut lana, nahiz gorabeheratsua izan noizbehinka. Andoaindarrak ezagutzen lagundu dit pizzeriak.
Zer eman dizu proiektu horietan guztietan parte hartzeak? Eta zuk zer eman diezu proiektuei?
Oso garrantzitsua da kulturen artean nahasketa ematea, eta hori sustatzea. Horregatik dut hain gustuko proiektuetan parte hartzea. Gustuko dut bidea erraztea nire lez kanpotik Andoainera bizitzera etorri direnei. Bakarrik ez daudela sentitzea nahi dut, alegia, babesa dutela ikustea. Asko eman didate proiektuok, eta niri ere gustatzen zait arrastoa uztea igarotzen naizen bideetan.
Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 592. zenbakian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.