Ehunka lagun elkartu ziren Bordan, Asier Arabaolaza Usarralde agurtzeko ekitaldi hunkigarrian

Aiurri 2021ko aza. 3a, 09:19

Carrere

Andoaingo gaztearen lagunek eta ikaskideek hitza hartu zuten, antolaketa bikaineko ekitaldian.

Bordara iristeko bidea estua da, eta bolondresen laguntza ezinbestekoa izan zen jendetza hori guztia omenaldi ekitaldira iristarazteko. Gaztearen senideek kotxez hurbiltzeko aukera izan zuten, eta gainerakoentzat Bordaberritik abiatzen zen bus zerbitzua eskaini zuten. Goian-behean, trafikoa bideratzeko bolondresek lan aparta egin zuten, baita lan orduetatik kanpo arratsalde hartan lan egitea erabaki zuten bi udaltzainek ere.

Bertan izandakoen ahotan, oso ondo antolatutako omenaldi ekitaldia izan zen. Protagonismo berezia hartu zuten Asier Arabaolaza Usarralde gaztearen lagunek eta ikaskideek. Iruñean erresidentzian harekin bizi ziren ikasleek hitz ederrak eskaini zizkioten, eta ikastolako ikaskideek bertso bidez gogoan hartu zuten. Emanaldiaren azken parte hartzea Andoaingo lagun taldearena izan zen. Denen artean omenaldi ekitaldi oso hunkigarria osatzea lortu zuten.

Musika eta dantza ez ziren falta izan. Olatz Arabaolazak, ekitaldiko parte hartzaileren bat nabarmentzearren, dantza ederra eskaini zion. Asier Aita Larramendi ikastolako ikaslea izan zen, eta haren irakasleek ere omenaldian parte hartu nahi izan zuten.

Ezusteko galanta izan zen asteburuan, Asier gaztearen heriotza luzaro gogoratuko baita. Gaztea izanik, gogorra baita gertaera horri aurre egitea. Atzokoan, behintzat, maitasun handia ziotela argi erakutsi zuten ehunka lagunek. Oso hunkigarria izan zen. Poz horrekin biziko dira etxekoak.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!