Ugalderen bizitza eta obra argitan jartzen dizkigun erakusketa, Basteron ikusgai

Aiurri 2021ko aza. 8a, 15:59

Martin Ugalde kazetari, idazle, politiko eta euskaltzalearen bizitza eta obra ezagutzera emateko asmoz Basteron jarri den “Martin Ugalde Orradre. Andoain 1921 - Hondarribia 2004” erakusketa ireki zuten joan den ostiralean. Andoaingo herriko seme kuttunaren ohorez egunotan antolatu diren ekitaldietako bat da erakusketa. Abenduaren 4a bitarte egongo da ikusgai.

Unai Ugalde semeak, Maider Lainez Andoaingo alkateak, Estibalitz Alkorta Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak, Arkaitz Millan Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola departamenduko zuzendariak eta Juanmari Larrarte Martin Ugalde Kultur Parkeko ordezkariak hartu zuten hitza, ekitaldi irekieran.

Lainezek, Ugaldek Andoaingo herriari utzi zion ondarea izan zuen aipagai, besteak beste: “17 urte dira utzi gintuenetik, baina horietan oso hurbil izan dugu, behin eta berriro ibili behar izan baitugu berak ohi zuen eskuzabaltasunez Andoaingo herriaren eskuetan utzi zuen bere ondareari dagozkion lanak egiten, erabakiak hartzen, ondare hori bilduko duen liburutegi berrirako urratsak ematen, eta dena bere obra osoa euskaldun ororen irismenean jartzearren. Martinek utzi gintuen, baina gogoz inoiz baino biziago da gure artean, eta gaur zabalduko dugun erakusketa horren lekuko da”.

“Izan zirelako gara eta garelako izango dira” esaerari heldu zion Larrartek. a izan zuen, Ugalderi buruzko erakusketaren garrantzia nabarmentzeko, eta zera erantsi zuen: “Baina izan zirela jakin egin behar badugu, nahitaezkoak ditugu gaur irekitzen dugun erakusketa eta antzeko ekimenak. Izan ere, gaur egun azkar ahazten zaigu dena, dena zahar bihurtzen da berehala, atzendu egiten da”.

Estibalitz Alkortak Ugaldek Euskal Herriarekin erakutsi zuen konpromisua nabarmendu zuen, Basteron. “Hitz horrekin lotzen dute Martin galde ezagutu zuten guztiek. Konpromisua, euskal kulturarekin eta literaturarekin, kazetaritzarekin, politikarekin,. euskalgintzarekin, herrigintzarekin…”.

Arkaitz Millanek,  berriz, Ugaldek askatasunaren kontzeptuarekin nola zegoen tematua gogorartazi zien Basteroko ekitaldira hurbildu ziren entzuleei. “Diktaduraren gau ilunean totalitarismoa nagusi zen kultura hartan, adierazpen oro itota zegoenean, Martinek bazekien askatasuna baliorik garrantzitsuena zela, eta aldi berean, ez dagoela balio horren sakrifizioa merezi duen arrazoi edo ideologiarik”.

 

Ugalderen batasunaren aldeko mezua

Unai Ugalde semea izan zen hitza hartu zuen azken hizlaria, eta batasunaren aldeko mezua zabaldu nahi izan zuen. “Grinatsua euskaldun guztiak biltzeko ahaleginean, eta neurri batean , nahiz eta garai zailak bizi hori posible zela erakutsi zigun praktikan. Egia da bere orduko mundua eta gaurkoa ez direla berdinak, gauzak asko aldatu direla, baina oinarri-oinarrizko ideia horri, batasunaren ideiari eutsi beharko genioke. Nahiko nuke gure aitaren ibilbidea eredugarria izatea gure atzetik datozenentzako; batasunari ez badiogu heltzen, ez daukagu etorkizunik herri gisa”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!