Andoaindarrek arratsaldeko 19:00ak arte edukiko dute aukera gogoan dauzkaten ideia, ekarpen eta proposamenak idatzi eta kapsulan uzteko. Besteak beste, Bazkardoko auzotarrak bertaratu dira lehenengo orduan, N-1arentzat irtenbideak eskatuz.
Mendozak eraiki nahi den etorkizunari begira gipuzkoarren partaidetza nabarmendu nahi izan du, “Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira abantailak. Eta horregatik, “Etorkizuna Eraikiz” ekimenaren muinean dagoen elementua da”.
Kapsularen bitartez, Gipuzkoa egun nolakoa den kontatzen da, zeintzuk diren bere ezaugarri eta balore nagusiak. Eta aldi berean, herritarrei ariketa bikoitza egitea eskatzen zaie. Batetik, 20 urte barru nolakoa nahiko lukeen izatea Gipuzkoa. Eta bestetik, konpromezua eskatzen zaie, hots, zein ekarpen egiteko presta dauden.
Maider Lainezek, instituzioek Andoaingo eta Gipuzkoako orainaren eta etorkizunaren alde lan egiten dutela adierazi du. “Argi eduki behar dugu non gauden, era zer pauso eman nahi ditugun gure udalerria eta herrialdea zehazteko orduan. Eta bide hori ezin da egin herritarren partaidetzarik gabe”. Andoaingo kasua aipatu du partaidetzaren eredu gisa, “lehen aldiz jarri ditugu martxan 2022rako aurrekontu parte-hartzaileak, eta herrialde mailan, horrelako topaketek aukera ematen digute Andoaingo herritarrei entzuteko, eta ideiak eta iradokizunak plantea ditzaten etorkizuneko Gipuzkoakoari begira”.
N-1aren arazoa kapsulan
Bazkardoko zenbait bizilagunek N-1ak eragiten duen arazo larria kapsulara eraman dute, zarataren aurkako konponbidea eskatuz. Bazkardoko bizilagun horiek Eider Mendozarekin mintzatzeko aukera eduki dute eguardian. Arazoak aspalditik datorrela, irtenbiderik ez zaiola ezarri eta nazkatuta daudela helarazi diote Mendozari. Honek, proiektua 2022an hastea espero dutela eta bien bitartean pazientzia edukitzeko eskatu die.
Bazkardoko auzotar horiek, aldi berean, Andoaingo herrikideei deialdia luzatu diete Goikoplazara hurbildu, eta bat egin dezaten aldarrikapenarekin.