Ikasleek udal ordezkariei entzuteko eta kontuan hartuak izan daitezela eskatu diete

Aiurri 2021ko aza. 19a, 17:31

Azaroaren 20a Haur eta Nerabeen Eskubideen Egun Unibertsala dela eta, Andoaingo udal ordezkari politikoek herriko ikastetxeetako ikasleekin ekitaldi berezia egin dute, udaletxean bertan, gaur eguardian. Ikasleek udal ordezkariei oregano landare bana oparitu diete. Sinbologiaz beteriko keinua egin nahi izan dute horrela, kontuan izan behar baita oreganoa antibiotiko naturala dela, eta otitisa sendatzeko erabiltzen dela. Horrexegatik, ikasleek udal ordezkariei adierazi nahi izan diete haur eta nerabeei entzun behar zaiela eta erabakiak hartzeko orduan haiek kontuan hartu behar dituztela.

Alkateak “entzutea” funtsezkoa dela onartu die ekitaldian, “politikariak, profesionalak eta erakundeak prest gaude haurrek esaten digutena aditzeko. Gaur ikusi nahi izan dugu entzutea eskubideen kontua dela”.

Jarraian, zera adierazi du Lainezek, “Ekintza honen bidez, Andoaingo Udalak konpromiso sendoa hartu nahi du munduko edozein tokitako haur eta nerabeen eskubideen alde, baina bereziki Andoaingo haur eta gazteen alde. Konpromiso horrek eskatzen du adingabeak eskubideen subjektu direla onartzea, hartzen diren neurri eta erabaki guztiak haien interes gorenarekin bat datozela ziurtatuz”.

Andoaingo alkateak erantsi duenez, “Udala, hainbat eragilerekin, komunitatearekin eta Hezi Zerb elkartearekin eta Educo Fundazioarekin elkarlanean, Haurrekiko Tratu Onarekin (TRATU ON) konprometitutako udalerri bihurtzeko prozesua gauzatzen ari da”.

Udaletxeko batzar aretoan egin den ekitaldian, Ibai Narbarte Tratu On-eko koordinatzaileak eta Hezi Zerb elkarteko kideak ere hartu du hitza. Adierazi duenez, “plana eraikitzeko, tratu ona koordinatzeko mahai bat sortu eta finkatu da. Bertan parte hartzen dute ikastetxeek, detekzio eta esku hartze goiztiarreko taldeak, Gizarte Zerbitzuetako gizarte, hezkuntza eta gizarte arloko esku hartzeko taldearen ordezkariak, eta haur eta gazteentzako ekipamenduen hezitzaileak, besteak beste. Era berean, prozesu osoa maila teknikoan lantzeko batzorde bat sortu da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!