"Korapiloak askatuz" dokumentala, bost herrikideren testigantzek osatuta

Aiurri 2021ko abe. 4a, 12:54

Bizikidetzari buruzko dokumental laburra egin dutela iragarri du Andoaingo Udalak. Dokumentalak, iraganean giza eskubideen urraketa modu batera edo bestera jasan zuten bost herritarren lekukotza jasotzen du, batik bat. Horiexek dira: Nerea Amutxastegi, Juan Joxe Petrikorena, Mari Paz Artolazabal, Imanol Ansa eta Jokin Sorozabal. Basteroko ekitaldi aretoan, abenduaren 10ean egingo da bere aurkezpen ofiziala, 19:00etatik aurrera. 

 

“Korapiloak askatuz” ordu erdiko dokumentala da, eta Andoaingo Zine eta Bideo Eskolak sortu du, Bizikidetza Mahaiak eskatuta.

Maider Lainezek hartu du hitza Bizikidetza Mahaia osatzen duten alderdien ordezkariek udaletxean goizean egin duten agerraldian. Lainezen esanetan “bizipenen aniztasuna islatu nahiak” bultzatu die ikus-entzunezkoa gauzatzea. “Nerea, Mari Paz, Petri, Imanol eta Jokinen istorioak Andoainen bizi izan dugun errealitatearen zati gisa agertzen dira: txalapartak zurarekin talka egiten duen bezala, elkarrizketatuek beren sufrimenduarekin talka egiten dute eta ulertzen laguntzen digute bide bakarra elkar ulertzea dela, bereizten gaituena alde batera utzita, eta enpatia ezinbesteko baldintza dela bakean bizitzeko. Era berean, errealitate hori ezagutu eta aitortzeko hainbat eragilek egindako lana ere  erakusten digu”.

 

2018ko txostena, ezinbesteko lanabes

Lainez dokumentalaren premiaz mintzatu da agerraldian. Eta horretarako, atzera begira jarri, eta 2018ko abenduan argitaratu zen Andoaingo bizikidetza mahaiak adostutako eta Argituz erakundeak egindako “Memoria partekatu baterantz” txostena aipatu du. “Udalerriari eragin dioten giza eskubideen urraketak eta indarkeriazko ekintzak ezagutarazi eta aitortzen lagundu nahi duen tresna da txostena, oraintsu arte ezezagunak egin zaizkigun errealitateetara hurbiltzeko, haiek ezagutu, enpatizatu eta elkarrekin    aurrera egiteko”.

Aipatu txostenaren argitalpena urrats garrantzitsua izan zela nabarmenduz jarraitu du. “Bizikidetza-mahairentzat  memoria partekatua eraikitzeko lan-tresna bat izan da eta izaten jarraitzen du, memoria eta bizikidetzaren inguruko udal-politiken garapenean aurrera egiteko. Baina mahaiak edukiaren inguruan egiten duen lan diskretutik haratago, bertan planteatzen den errealitatea ahalik eta pertsona gehienengana iristea nahiko genuke. Hala, dokumental labur bat sortzea adostu dugu, txostenaren espiritua herritarrei zabaltzeko.

“Korapiloak askatuz” abenduaren 10ean ostiralarekin, aurkeztuko da esan bezala, eta alkateak herritar guztiak gonbidatzen ditu bertaratzera, “gure memoria partekatua ezagutu eta sakontzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!