Koldo Mitxelena Kulturguneak berak zabaldu du aurkezpen ekitaldi osoa, bideoan ikusteko moduan:
Okiñenaren hitzetan, liburua “urtetako lana izan da. Nire lanbideari erantzunak eman nahi izan dizkiot, errealitate subjetiboa baita. Partitura bati aurre egiten didan bakoitzean, ziurgabetasuna, zalantzak… sortzen zaizkit. Maiz auzitan jarri izan dut musika interpretatzera eramaten nauen prozesu hori; azken batean, ezinegonak prozesu hori ikertzera bultzatu nau. Horretarako, bi marko teorikoez baliatu naiz; batetik, fisika kuantikotik giza pentsamendura translazioa egin dut, eta bestetik komunitate zientifikoaren ekarpenak hartu ditut kontuan”.
Pedro Miguel Etxenikek, Okiñenak liburuan erakutsi duen behatzailearen lana azpimarratu zuen, ekitaldian: “Harritu egin nau fisika modernoko aspektuak ikertzeaz gain, horiek ulertu eta transmititu egin dituelako. Esate baterako, behatzaileak fisika kuantikoan betetzen duen funtzioa aztertu du; musika interpretatzailearen paperaren antzekoa izango litzateke funtzio hori. Batek eskala mikroskopikoan behatzen duenean, ikusi nahi duen horrekin elkar eragiteko prest dago, eta beraz, eraldatu egiten du. Eta hori, fisika modernoaren printzipio filosofikoetako bat da. Fisikatik harantzago doana, eta hain zuzen, horixe egin du Okiñenak liburuarekin”.
Okiñenaren liburuak iradoki dion ideia ere azaldu zuen Etxenikek. “Max Born fisikako nobel sariak zioen bezala, ziurtasun edo zehaztasun absolutua eta azken egia irudimenaren ilusioak dira, zientziaren esparruan ez direnak onartu behar; mundu honetako deabru guztien sorburua baita egia absolutuaren jabe dela uste izatea. Printzipio hori garbi edukitzeak, dogmatismoak baztertzea, eta tolerantzia, pluraltasuna eta ziurgabetasuna onartzea dakar”.
Okiñenak jada 2017an heldu zion gaiari, La interpretación musical. Fundamentos científicos para su desarrollo liburua plazaratu zuenean. Musikari edo komunikatzaile artistikoak zuzeneko kontzertu bat eskaini aurreko prestakuntzan bizi ohi duen prozesu artistiko subjetiboari buruzko gogoeta egin zuen bertan.