Adierazpen instituzionala:
Martxoaren 8an, Andoaingo Udala Emakumeen Nazioarteko Eguna den mundu mailako borroka eta aldarrikapen jardunaldi honen partaide aktiboa da, horrela berretsiz emakumeen eta gizonen arteko berdintasunak gure ekintza politiko guztia egituratu beharra.
Berdintasuna demokraziaren kalitate-kontua da, eta ongizatea pertsona guztientzat gertatzen dela bermatzen du, eta ez biztanleriaren erdiarentzat. Emakumeak ez gara gizatalde jakin bat, gizateriaren erdia gara, eta, beraz, emakume izateagatik jasaten dugun ezberdintasunak eta zapalkuntzak gure demokrazien bihotza kolpatzen du zuzenean, gure herritartasun izaeraren garapen osoa eragozten baitu.
Emakumeei historikoki usurpatu zaizkien eskubideak lortzearen alde egindako borroka anitzen esanahia gogorarazi nahi dugu, gogoarazi eta lau haizeetara aldarrikatu. Borroka horiek, zalantzarik gabe, emakumeen bizitzako hainbat arlotan aurrerapen handiak lortzen lagundu dute, eta emakumeen elkarteen eta mugimendu feministaren ekarpenik gabe ez ziren posible izango.
Norbanakoen, gizataldeen eta erakundeen arteko elkarlana, nork bere eragin-eremutik abiatuta, indarrak batuz eta helburu beraren aldeko estrategiak partekatuz: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea. Gaur egun ere, bide luzea dugu egiteko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra erdiesteko, eta, horregatik, ezinbestekoa da emakumeen eguna aldarrikatzen jarraitzea.
Feminismoa agenda da, gizarte-mugimendua eta teoria politikoa, eta emakumeok bigarren mailako herritartzat hartzen gaituen mundu-ikuskera horri ematen zaion erantzuna da. Feminismoa emakumeen bizitzaren eta gorputzen esplotazioaren eta zapalkuntzaren gainean sostengatu den gizarte patriarkal horri emandako erantzuna da.
Emakumeen eskubideak ukatzen, urratzen eta erasotzen dituztenen aurrean, feminismoak mundu osoan emakumeen askatasunari ekarri dion balio demokratiko sakona nabarmendu nahi dugu martxoaren 8an.
Eta gizarte gisa dugun erronka honetan, toki-erakundeok arau-esparru berriak dakarren erronka handiari ahalik eta erantzun onena emateko aukera dugu, betiere herritarrekin, elkarteekin eta tokiko mugimendu feministarekin lankidetza estuan.
Toki entitateek berdintasunarekin eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzearekin duten konpromisoa argia izan da. Azken 15 urteetan, eta 4/2005 Legeari erantzunez, Euskadiko udalak Berdinsaretik egituraz, aurrekontuz eta sarea sortuz joan dira, tokiko komunitateen eta euskal herritar guztien beharrei eta eskaerei erantzuteko. Aldi berean, beharrezkoa da aurrera egiten jarraitzea, hobetzen jarraitzea eta udalerriei, batez ere txikienei, erronka horiei aurre egiteko tresnak ematea.
Pandemiak agerian utzi du feminismoa aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta mendekoa da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Egiturazko genero desberdintasunen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartzen jarraitzen dute zaintzen zamarik handiena, ordaindua eta ordaindu gabea; eta azken horrek gainera, prekarizazio norabidea nabarmen hartu du.
Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun osoak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Honako hauetan sakondu behar dugu: politika publiko guztietan berdintasunaren zeharkakotasunean; emakumeen ahalduntzean; zaintza-lanak ikusarazi, baloratu eta partekatuko dituen gizarte baten eraikuntzan; gizonak berdintasunean inplikatzean; pobreziaren feminizazioa gutxitzean; emakumeen sexu-askatasunaren alde; eta hezkuntzan, emakumeentzako bizitza askea eraikitzeko balioak aldatzeko tresnarik eraginkorrena den aldetik.
Kaleetara itzuli behar dugu eta espazio publikoetan egon behar dugu; izan ere, esan ohi baita izenik ez duenak ez daukala izanik ere, eta, beraz, emakumeei eta gure askatasun- eta berdintasun-aldarrikapenari ikusgarritasuna eman behar zaie.
Horregatik guztiagatik, martxoaren 8an, Andoaingo Udalak honako helburu hauetan aurrera egiteko konpromisoa hartu du:
Andoainen egin den zainketa-diagnostikoaren ondorioak jaso ondoren, lan-eremu ireki eta parte-hartzaile bat abian jarri eta antolatzea, zainketa-erabidearen gainean gizarte gisa dugun konpromisoari heltzeko eta politika publiko-komunitarioen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, arreta berezia jarriz parte hartzeko zailtasun handienak dituzten emakumeen gizataldeen beharrizanei.
- Andoaingo Udalaren jarduera-ildoarekin jarraitzea eta berdintasun-politikak garatzeko giza-baliabideak, ekonimikoak eta teknikoak indartzen jarraitzea.
- Generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea berdintasunaren aldeko lanean, bai eta arloen arteko koordinazioan ere.
- Udal-langileen berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea, oinarrizko prestakuntza-plan iraunkor bat pixkanaka planifikatuz.
- Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko erabidea zabaltzea, detekzio goiztiarreko erabideen hobekuntzan aurrera eginez, neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuz, eta biktimen erreparazio-eskubidearen aitorpena aintzat hartuz.
- Herritarren sentiberatzean sakontzea, bereziki gizon eta haurrengan, bermatuz kanpainak eta erakundeen egitarauak egon badaudela gizartea kontzientziatzeko eta baita emakumeak ahalduntzeko ere.
- Berdintasunerako eta emakumeak ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte-hartzea bultzatuz eta mugimendu feministaren ekarpenak txertatuz.
- Erakundeen arteko akordioak hobetzea eta aldian-aldian eguneratzea, hala nola Adoaingo III. Berdintasun Plana, bai eta indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko eta koordinatzeko erabideak eta protokoloak ere.
Azkenik, Andoaingo herritarrei dei egiten diegu martxoaren 8a dela-eta gure herrian antolatu diren mobilizazio eta ekintzetan parte har dezaten.