Lau historia ikerlariek beren lanen nondik norakoak azaldu zituzten Basteron, Maider Lainez alkatea aurkezpen ekitaldiko gidaria izan zelarik.
Goikoplazaren bilakaera historikoa
Aritz Diez Oronozek Goikoplazaren egiturak historian bizi izan duen garapena aztertu du. Historia hori aztertzen hasita, lau aro bereizi zituen Diazek. “Lehenak, Tolosako jurisdiziotik atera eta hiribildu propioa osatzeko abian jarri zuen prozesuarekin du zerikusia, XVII. mendearen lehengo erditik aurrera hain zuzen. Udaletxea 1.649 inguruan eraikitzen hasten dira, Udal administrazio berria ohartzen denean gizarte-multzoa ordezkatuko duen eraikuntzaren beharraz. Eta ez du edozein tokietan jartzen, baizik eta muino batean, paisaiarekin gailentzen den tokian. Horrela, gizarte horrek bere posizioa berresten du Gipuzkoako hiribilduen sarean”.
San Martin Eliza XVIII. mendeko bigarren erdialdean eraikitzearekin batera gauzatzen da bigarren aroa, Diezen arabera. “Ameriketara joandako Agustin Leitza indianoak emandako diruarekin, Larramendiren bitartekaritzarekin eta Francisco Ibero arkitektoarekin sustatzen da proiektua. Plazan lehendik ezarrita zegoen eraikuntza zibilari erlijiosoa eransten zaio; herriko bi botere elkarren ondoan, alegia. Interbentzio horrek plazaren dimentsioa aldatzea eta handitzea dakar, luzeran batez ere”.
Gerra karlistek gurutzatutako XIX. mende korapilatsuaren hondarrean, plazaren konfigurazioaren historiari lotutako hirugarren aroa dator. “Jada ezarrita zeuden Eliza eta Udaletxearen binomioari eta apaiza eta sakristau etxeari, gehitzen die bi hormako frontoia, plaza oraindik gehiago luzatuz. Botere zibilak eta erlijiosoak osatzen duten ardatz horri, jokoaren eta dibertimenduaren espazioa batzen zaio, jendea kirolaren inguruan bil dadin. Horrela, plaza sendotu egiten da aktibitate publikorako leku gisa”.
Laugarren -eta azken aroa-, aztertzerako orduan, bi zati nabarmendu behar direla zehaztu zuen Diezek. “XX. mendearen erdialdetik aurrera gauzatu zen desarrollismoaren testuinguruan egin ziren hirigintza proiektuek zenbait galera eragin zuten plazan, espazio publikoan alegia. Zenbait etxe eta frontoia eraitsi egin ziren, eta Poligono 27 izeneko auzoa eraikitzeak plazako espazioa setiatzea ekarri zuen”.
Diezek gaineratu zuenez, joera salagarri hori iraultzeko ekimena gauzatu zen hurrengo urtetan, zorionez. “Zenbaiten protestak aintzat hartu zituen udalak, eta plaza ingurua eraldatzeko ideien lehiaketa zabaldu zuen. Montserrat Ruiz Fabre arkitektoak proposatu zuen berreskuratze tipologikoa hautatu zuten, era horretan. Frontoi berria eraikiz, jatorrizko hiru elementu (udaletxea, eliza eta frontoia) berreraikitzea eta horiei protagonismoa ematea izan zuen oinarri proposamenak”.
Azelaingo jauntxoari aurre egin zion maisua
Natalio Pajarin Garagorri, XIX. mendearen hondarrean eta XX. mendearen hasieran 18 urtez Sorabillako maisua izan zena aztertu du Karmele Otaegi Negredok.
Pajarinen familiako kide ugari bertaratu zen Basterora, eta Otaegik zera esan zuen haiei zuzenduta: “Pertsona kultua izan zen, bere burua berrasmatzen jakin zuena; ausarta izan zen, eta Daviden antzera, Sorabillan jaun eta jabe zen Larreta familia Goliathi aurre egin zion, arrazoia arma bakarra izanik. Bere ondorengoak harro egoteko moduan zarete!”.
Ikerketaren edukia hitz gutxitan laburbildu zuen Otaegik: “Sorabilla herri txikia izan zen iraganean, baina Pajarin maisu den garairako Andoaingo auzo bihurtua zen; Sorabilla mendez mende Azelaingo Larreta familiaren mende bizi izan zen, bereak ziren baserri gehien-gehienak. Gauzak horrela, bertako haur eskolako maisuak ziren menpekotasun hori zalantzan jar zezaketen pertsona bakarrak.
Udalaren ardurapekoa zen Seroretxen kokatzen zen eskola, eta bertan Pajarin eta bere familia bizi ziren; Larreta familia zen etxe horren jabea.
Penagarriak ziren Sorabillako eskolak zeuzkan baldintzak, eta horrexegatik Pajarin maisuak idatzi ugari zuzendu zizkien udalari zein Gipuzkoako hezkuntza ordezkaritzari. Agiriak Udal Artxiboan gordetzen dira, eta horiei esker osatu du istorioa Otaegik.
Pajarin eta Larreta familiaren artean hika-mikak gertatu zirenean, Andoaingo Udala boteretsuaren alde eta maisuaren kontra jarri zen, “eskola ixtea baitzen bere gogoa” Otaegiren esanetan. Pajarinek epaitegietara jo arren, epaile batek ere berdintsu jokatu zuen, ahaltsuenekin lerratuz. Azkenean, Udalak 1908an lortu zuen nahi zuena, auzoko haurrak isolatuz eta horien eskola-absentismoa areagotuz”.
Agiriek erakusten dutenez, Udalak inoiz ez zion jaramonik egin bere udal-langile zen Pajarinen eskaerei irakaskuntzan jarduteko gutxieneko baldintzak hobetze aldera, “eta ez hori bakarrik, ez zion babesik eskaini Juan Batista Larretak 1908an familia etxetik bota zuenean”.
Gertakizun guzti hark marmar-hots handia eragin zuen Andoaingo biztanleen artean, Otaegik aipatu zuenez. “Eta handik urtetara, aldizkari batean adierazten denez, andoaindarren irudimenean oraindik ere Juan Batista Larretaren figura maisu eta seroren astintzaile gisa identifikatzen zen”.
Zinearen eta zinemaren bilakaera Andoainen
“Zinea eta zinemak Andoainen” da Marta Trutxuelok aurkeztu zuen ikerlana.
Zinemazale amorratua izanik, Andoainen zinearen eta zinemaren historia aztertzea gustuko lana egon zaiola aitortu ostean, “irudimena erabiliz pelikula bat ikustera” gonbidatu zituen Basterora hurbildu ziren entzuleei.
Horrela, zine munduan ohikoak diren hizkuntza eta terminologia erabili zituen azterlanaren edukia azaltzeko. “Film” horretan, protagonista nagusiak kokatu zituen lehenengo eta behin. “Luminoso zinema, Iparragirre saloia eta Maiza zinema. Horiek, zine-genero guztientzako eszenategi bilakatu ziren XX. mendean Andoainen: Charlie Chaplinen eta antzeko zine mutua; Tunika Sakratua, Ben Hur eta antzeko superprodukzio epikoak; 101 Dalmatians, Peter Pan eta antzeko haur-filmak; Rio Bravo eta antzeko mendebaldeko bakeroak; Azken kuplea eta antzeko dramak; Miguel Strogoff eta antzeko abenturazkoak; Psicosis eta antzeko suspentsezkoak…”.
Film berezi horren gidoia aipatu zuen segidan, Trutxuelok: “XX. mendearen hasierara jo behar dugu gidoiaren berri edukitzeko. Kale Nagusian, Merkatu plazako etxearen parean, bi zutabeen artean oihal bat pantaila gisa ipini eta lehenbiziko proiekzioak zabaldu zituzten orduan; ibiltaria eta aire libreko zinema izan zen. Hurrengo eszena, 1923an azaltzen zaigu, aurrekoarengandik oso gertu kokatuta, Luminoso zinema ireki zutenean. Urtetan aurrera, 40ko hamarkadaren bukaeran, Luminoso berritu, eta Iparragirre saloia irekitzen dute”.
50eko hamarkadan, berriz, hurrengo sekuentzia gertatzen da: Maiza zinemaren sorrera, Kale Berrian. “Filmen estreinaldien eskaintza zabaltzeaz gain, Andoainek inoiz ezagutu duen ikusle afororik handiena ireki zuen; Basterok ez du gainditu ahal izan geroztik”.
Iparragirreko zein Maizako atarietako ikusle ilara luzeek sortu ohi zituzten eszenak ere gogoan eduki zituen Trutxuelok. “esate batera, ikusle helduak irrikatan egoten ziren Gilda eskularruak kentzen ikusteko, eta haurrak Tarzanen abenturekin gozatzeko”
Filma guztiek bezala, Andoaingo zinema aretoen historiak ere bere bukaera eduki zuen, halako batean: “1970ean Iparragirre itxi egin zuten; Maiza, berriz, 80ko hamarkadaren bukaeran”.
Nolanahi ere, Trutxuelok pare bat fotograma erantsi nahi izan zizkion bukaera horri: “1987tik aurrera, Udalak bultzatuta, zinea aire librean programatzen hasi ziren, uda partean batez ere. Eta 2003an, beste protagonista bat, Bastero kulturgunea, eszenaratu zitzaigun”.
Andoainen zineak eta zinemek osatzen duten historiaren gidoi nagusia eta bere protagonistak azaldu zituen Trutxuelok Leyçaur 16 aldizkariaren aurkezpenean batik bat, baina ez zituen ahaztu nahi izan bigarren mailako protagonistak, XX. mendean zehar bere ataltxoa gauzatu dutenak historia horretan: “eliza-zinema parrokiako zinema, zine kluba eta Arrieta zinema”. Ezta ere, zinemaren fenomenoa ulertzen lagungarri izan ohi diren tramak: “biluztea, zentsura, publizitatea, zinemaren gainbehera…”.
Aurkezpena amaitzeko, filmeko kreditu-tituluak zerrendatu zituen Trutxuelok. Hots, ikerketarako erabili dituen informazio-iturriak: Andoaingo eta Oñatiko udaletako artxiboak, edota, berari lekukotza pertsonala eskaini dioten Maria Luisa Santo Tomas, Emilio eta Ramon Truchuelo, Joakin eta Jose Ignazio Okiñena, Rikardo Perez, Maite Baltasar, Mikel Arregi, eta, Arantxa eta Ana Maite Trutxuelo.
Andoaingo hirigintzaren azterketa kritikoa
“Andoaingo hirigintza ardatz duen etxebizitza auziarekiko hurbilketa” da Xabat Petrikorenak osatu duen ikerketa lana. Egileak Basteron aitortu zuen konplexuegia dela ikertu duen gaia, eta beraren gainean aritzeak badakarrela arriskurik: “kontzeptu astunak erabiltzen dituen diskurtso akademikoan erortzea, alegia”.
Horrela, mintzaldiaren hasieran adierazi zuen bere idazlanak bi ikerketa eremu aztertu dituela. Lehenak, “etxebizitza ulertzeko eta erabiltzeko dugun subjetibotasun kapitalistari egiten dio erreferentzia, etxebizitzaren auziarekin lotura duena. Eta bigarrenak, Andoaingo hirigintza dau jomuga, alegia, etxebizitzarekiko ikuspegi horrek dakartzan espazioaren gaineko botere praktikak edo hirigintzak zer nolako talkak sortzen duten espazio batekiko”.
Gehitu zuenez, bi arlo horietan, gizakiek boterearekiko baldintzatutako subjetu gisa dihardute, “bai espazioa nola kontzebitzen dugun ulertzean, eta baita hirigintza praktikak gauzatzen direnean”. Subjetibizazioak zer esan nahi duen azaldu zuen: “Gizakiok inguratzen gaituenarekiko baldintzatuta gaudela; kontzeptu hori hegemonia kulturalaren barruan ulertu behar da, eta horixe, klase dominatzaileak bere etengabeko onurarako gizarte zehatz eta anitz baten gainean inposatzen duen mundu ikuskera litzateke. Horrela, ikuskera horren parte diren norma kulturalak eta ideologikoak gizartearen baitakoak izango balira bezalako antz ematen ditugu, hau da, mentalitate neutro baten antzera, egunero egiten ditugun eta normaltzat dauzkagun ekintzak balira bezala”.
Hegemonia kultural horren aurrean, Petrikorenak beharrezkotzat jo zuen diskurtso kritiko bat sortzea, “diskurtso kontra-hegemonikoa izango dena hain zuzen. Izan ere, irakurketa horrek egungo etxebizitza politika guztiak jatorrian duten klase eta botere interesak azaleratzen du, eta aldi berean, interes horien garapena jarraitzeko aukera ematen du. Beste hitzetan esanda, azken horien kultura edo ohitura formen dekonstrukzioa ahalbidetzen du, egungo formak interesen jatorrizko xede menderatzailearekin erlazionatuz”.