Ongi Etorri Eskolara

“Oso emakume ausartak eta borrokalariak dira”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko mar. 20a, 08:00

Astearte arratsaldero irekitzen ditu ateak espazioak.

 Beatriz Zalacain egitasmoaren koordinatzaileak ekimenari buruzko xehetasun gehiago eman dizkigu.

Askotariko errealitateak elkar gurutzatzen diren tokia da Andoaingo jatorri anitzetako emakume etorkinentzako espazioa. Sorburu kooperatiba gidari, bertaratzen diren kideen ongizate psikosoziala nahiz ahalduntzea du xede, harremanen saretzetik ekinda. Kooperatibako kide da Beatriz Zalacain gizarte-langilea eta berdintasun-teknikaria, eta ondo baino hobeto ezagutzen du txokoa. 

Non du abiapuntua proiektuak? 

Orain bost bat urte ireki genuen Andoaingo espazioa. Ondo oroitzen ez banaiz ere, uste dut, aurretik herriko Jabekuntza Eskolaren barruan egiten genituen tailerretatik abiatu zela proposamena. Udaletxeekin elkarlanean, zenbait profiletako emakumeei zuzendutako talde-tailerrak ematen ditugu gurean: batetik, emakume migratzaileen eta emakume euskaldunen arteko topaguneak errazten ditugu. Bestetik, genero-indarkeriari aurre egiten dioten emakumeekin egiten dugu lan. Eta, azkenik, herri batzuetan –Andoaingo kasua–, soilik, emakume migratzaileekin elkartzen gara. Egun, sartzen eta irtetzen diren emakumeak ez dira duela bost urteko berberak. Eta horregatik gustatzen zaigu esatea taldea baino, gurea espazio bat dela, izaera aldakorra duelako. 

Nagusiki, zein jatorriko emakumeak elkartzen dira?

Aldakorra da, baina, nagusiki, Andoainen, Latinoameriketako emakumeak bizi dira: Nikaragua, Honduras, El Salvador... Afrika aldetik ere etorri da emakumerik, tartean, Marokotik, Senegaletik nahiz Ginea Berritik, baita Israeletik zein Errumaniatik ere. Baina, oro har, Latinoameriketatik datoz, zehatz mehatz, erdialdetik. 

Ongizate psikosoziala bermatzea du xede espazioak. Nola lortu hori?

Gure lan-jarduna zenbait ardatzetan banatzen dugu. Lehenik eta behin, konfiantza eta segurtasun handiko espazioa bermatu nahi diegu emakumeei, beren bizipenak gainerakoekin partekatu ahal izateko, bai migrazio-prozesuari dagokinez, bai gerero- nahiz arraza-diskriminazioa dela medio. Halere, unean uneko premiei ere erantzuten ahalegintzen gara, jakina. Horretarako, gutxieneko arauak bete behar dira gurean, tartean: konfidentzialtasuna ezinbestekoa da, kideetako batek eskatu ezean, gomendioak ez ematen saiatu behar gara (joera handia dugu albokoari zer egin behar dugun esateko) eta epaiak ez du lekurik gure espazioan. 

Bigarrenik, hausnarketarako espazioa da gurea, eta, batez ere, kultur-aniztasuna, arrazismoa eta berdintasuna bezalako gaiak ditugu hizpide. Dena den, edozein eztabaidari eutsi dakiokegu genero- edota kultura-ikuspegitik. Klaseari ere erraparatzen diogu, izan ere, hona etortzen diren emakume gehienak (ez guztiak) prekarietate ekonomikoan bizi dira. 

Halaber, baliabideen nahiz zerbitzuen berri ematen diegu, informazio hori beraiek elkarren artean pasatzea da onena, lehen eskutik ezagutzen dutelako. Eta, azkenik, gorputzaren lanketari arreta berezia ematen diogu, azken urteetan, batez ere. Guztiok ditugu ezinegonak, baina beren kasuan are handiagoak dira horiek. Ondorioz, emozioak askatzeko espazio bat izatea nahi dugu, astean behin baldin bada ere, gorputzarekin bat egin dezaten.

 

Espazio barruko lanketaz gain, egiten al duzue ekimenik kanpora begira?

Etorkizunera begirako erronka dugu hori: emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa sustatu nahi dugu. Zaila da, joan eta etorri egiten direlako kideak eta ez dagoelako jarraikortasun trinkorik. 

Zergatik da garrantzitsua horrelako espazio bat herrian?

Zenbat eta zoriontsuago izan andoaindarrak, orduan eta hobeto. Finean, guztiok merezi dugu duintasunez bizitzea. Aberasgarria da herriarentzat bertan bizi direnak aukera-berdintasun berean egotea. Horixe sustatzen ahalegintzen da espazioa. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!