Orbelango zuzendaritzak eta langileek akordioa lortu dute

Aiurri 2022ko mar. 28a, 12:20

Orbelango langileak pozik, hitzarmena sinatu ostean (Argazkia: ELA sindikatua)

Andoaingo eta Anoetako Orbelan Plasticos enpresan akordioa lortu dute, lan baldintzak hobetzeko eskatuz lau eguneko greba mugagabearen ostean. Horrela, 2022 eta 2023 urteetarako hitzarmena sinatu dute zuzendaritzak eta langileen ordezkariek.

Langileen ordezkaritzaren gehiengoa daukan ELA sindikatuak hitzarmenaren ezaugarriak jakinarazi ditu. Soldatari dagokionez, 2022an, KPIa gehi %2ko igoera hitzartu dute; 2023an, KPIa + %1,5ekoa, KPIa %3,5etik beherakoa bada, eta KPIa % 3,5etik gorakoa bada, orduan igoera KPIa + % 1ekoa izango da.

Langileek egindako beste zenbait eskakizunei dagokionez, hona zer dioen sinatu duten hitzarmenak: malgutasuna murrizten da; gaueko lanaren plusa 14 eurora igoko da 2022rako, eta 15 eurora 2023. urterako; txanda-kontratua izateko eskubidea ziurtatzen da; taulak eta aseguruak eguneratuko dira; eta, aurreko hitzarmenetan hitzartutako lan-erreformen aurreko blindajeei eusten zaie.

Orbelan Plasticos S.A. CIE Automotive enpresa multinazional euskaldunaren taldekoa da. CIE Automotive automozioko osagaiak ekoizten dituen enpresa bat da, eta Bilbon du egoitza. 24.400 langile ditu guztira, Europan, Asian, Ipar Ameriketan eta Brasilen banatuta. Egun, Orbelanek bi faktoria dauzka, Andoainen bata eta Anoetan bestea; guztira, 150 langile ditu. Langileen ordezkaritzari dagokionez, zazpi delegatu ditu ELAk eta bi UGTk.

Joan den asteartean langileek grebari ekin ziotenean, ELAko ordezkari Izaskun Unanuak enpresari buruzko zenbait datu azaldu zituen: “2021an CIE-k hiru mila miloi euro fakturatu zituen, eta 270 miloi euroko irabazi gordina izan zuen (dibidendutan 64 miloi euro banatuz)”.

Bestalde, Unanuek gaineratu zuen aintzat hartzeko datua dela emakumezkoak plantillaren %60a izatea. “Orbelan industriako enpresa bat izan arren, emakumeek osatzen dute gehiengoa; gure ustez, ez da kasualitatea lantegi berean ezaugarri hori eta lan baldintza kaxkarrak batzea. Horrexegatik, astearteaz geroztik ekin zaion protestak kutsu feminista ere hartzen du”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!