Saharari buruzko mozioko lehen lau puntuetan abstenitu egin da PSE-EE

Mikel Arberas 2022ko api. 1a, 13:33

Pedro Sanchezek hartutako erabakiaren aurka, EAJ-PNVk mozioa aurkeztu du. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos alderdiek ere sozialisten jokabidea kritikatu dute. Bestalde, alderdiko disziplina arrazoitu du Andoaingo PSE-EEk, Saharari buruzko mozioaren lau puntuetan abstenitzeko unean. Bosgarren puntua, aho batez onartu dute lau alderdiek.

Imanol Goenaga EAJ-PNVko alderdikideak hartu du hitza eta adierazpen instituzionaleko bost puntuak gogora ekarri eta saharar herriaren aldeko mezua zabaldu du, "Andoainen bereziki saharar herriarekiko elkartasun handia egon da, urtez urte landutakoa. Beraz, duela hilabete pare bat aurkeztutako mozioa koherentzi ariketa bat izan zela esango nuke".

Andoni Alvarez EH Bilduko kideak hartu du hitza ondoren, eta gogor kritikatu du PSE-EE alderdiak Sahararen auzian erakutsitako jarrera: "Duela hilabete Sahararen gaineko mozioa aho batez onartu zen. Bestalde, duela egun batzuk, Espainiako Gobernuak guk bozkatutakoaren aurkako erabaki politikoak hartu zituen, Marokori arnasa eman zion eta saharar herria are gehiago estutu zuen. Gure ustez, Saharak eta estaturik gabeko nazio guztiek autodeterminaziorako eskubidea dugu".

Tere Santana Elkarrekin Podemos alderdiko kideak ere PSE-EE alderdiaren jarrera kritikatu du: "Pedro Shanchez presidentearen erabakia entzun nuenean, sinistu ezinik geratu nintzen. Askok ez genuen ulertu, eta, egun, ulertu gabe jarraitzen dugu. Duela ez asko adierazpen instituzionala sinatu genuen alderdi guztiok eta, iruditzen zait, PSE-EE alderdia egoera zail eta deseroso batean uzten duela".

Jose Luis Verdasco PSE-EEko kidea eta bozeramaileak erabaki deserosoa dela eta alderdiko diziplinari uko egin ezin zaiola aitortu du: "Herri mailako talde bezala zein maila pertsonalean saharar herria eta Hurria Sahara talde andoaindarra babesten dugu. Horrela jokatu dugu beti eta etorkizunean ere horrela izango da. Horregatik berresten ditugu duela hilabete bozkatu genituen bost puntuak, baina alderdiko diziplina medio, lehen lau puntuetan abstenitu egingo gara".

27:00 minututik aurrera.

Mozioan bozkatutako bost puntuak

Espainiako Gobernuaren aldebakarreko erabaki berri hau ez da jarrera sinesgarria, ezta errealista ere, izaera politikoko gatazka hau konpontzeko. Horiek horrela:

  1. Andoaingo Udalak erabat arbuiatzen du Espainiako Gobernuko agintariek Mendebaldeko Saharako gatazka politikoaren inguruan jarrera errotik aldatu izana, historian inoiz ez bezala. Aldaketa honek esan nahi du Marokok Mendebaldeko Sahara erabat bereganatzeko dituen asmo eta anbizioekin bat egiten duela Espainiako Gobernuak.

  2. Andoaingo Udalaren ustez, Espainiako Gobernuaren azken jarrera honek erabat urratzen ditu Nazioarteko Zuzenbidea, Nazio Batuen Gutunaren printzipio eta baloreak eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak, irtenbide politiko bidezko eta iraunkorra aldarrikatzen baitute, alde bien artean adostua eta Saharako Herriaren borondatea askatasun osoz adierazteko eskubidea gauzatuz amaitu beharko litzatekeena.

  3. Andoaingo Udalak eskatzen die Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari berari EBko Justizia Auzitegiak emandako ebazpenak errespetatzeko. Ebazpen horien arabera, Mendebaldeko Saharako era guztietako balliabide naturalak Saharako Herriari dagozkio eta, haren baimenik gabe, ezin ditu inork erabili.

  4. Andoaingo Udalak inplikatutako alde guztiei eskatzen die uko egiteko probokaziozko edo indarrezko edozein ekintzari; eta konpromisoa hartzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesuarekin jarraitzeko, Mendebaldeko Saharan Erreferendumerako Nazio Batuen Misioarekin (MINURSO) hitzartutako akordioak erabat errespetatuz.

  5. Andoaingo Udalak bere lurraldea okupatuta duen herriaren tragedia aitortzen du; baita basamortuan bizirautea lortzen duten errefuxiatuena ere. Ondorioz, Andoaingo herritarrei dei egiten die jarrai dezatela Mendebaldeko Saharako eta Tinduf-eko kanpamentuetako egoera humanitarioa hobetzeko laguntza eskaintzen, eta besteak beste Hurria Sahara elkarteari, orain inoiz baino gehiago, sostengua ematen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!