Leitzaran Bisitarien Etxeak ateak zabalduko ditu larunbat honetan

Aiurri 2022ko api. 6a, 07:15

Aste Santuan egunero zabalik izango da. Ekimen berrien aldeko apustuari eutsiko dio Udalak.

Leitzaran Plazaolak eskaintzen duen inguruaz eta interpretazio guneak ezagutarazten duenaz harago, Udalak jarduera berrietan egin du apustua: "Aipatzekoak dira slow adventure jarduerak eta mugikortasun jasangarria eta ingurumenaren kontserbazioa sustatzea helburu duten jarduerak, hala nola, oinez edo bizikletaz egingo diren bisitak edo joan den denboraldian ireki zen Ferrata Bidea. Aurtengo nobedadea Mugikortasuneko Triatloia izango da, bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako kontzientziazio-jarduera".

Ainhoa Zuazu zentroko arduraduna apirilaren 9an gunearen ateak irekitzeko gogoz zegoela adierazi zuen. Gogotsu, "gure ingurunea ezagutzeko eta gure inguruko naturaz gozatzeko interesa duten bisitariei harrera egiten hasteko, baita andoaindarrei ere, balio natural handiko ingurunean aisialdiko jarduera jasangarriak eskainiz". Denboraldi berriaren aurkezpena egin zuen Mari Jose Izagirre zinegotziak, Hilario Dorronsoro eta Manu Segovia Udal teknikariekin batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!