Baraua, otoitza, gogoeta eta komunitatea. Horiexek dira Ramadanaren lau ertzak. Orain astebete eskas ekin zioten musulmanek Islamean berebiziko garrantzia duen hilabeteari. Tartean dira Soad Yerrou Yerrou eta Asmal Zarouali andoaindarrak. Duela ia bi hamarkada etorri ziren biak ala biak. Tetuanetik lehena; Marrakexetik bigarrena. Aiurrirekin bildu ziren bezperako egunetan, aski ezaguna den urteroko ohiturari erreparatzeko.
Zein garrantzia du Ramadanak?
Soad Yerrou Yerrou: Islamiar egutegiaren bederatzigarren hilabetea da ramadan. Biziki garrantzitsua den ospakizuna da guretzat, egunak iraun bitartean, baraualdia egiteaz gain, sinbolikoki ere garbitzeko darabilgun unea delako. Urtetik urtera, aldatu egiten da ospakizun-data, izan ere, ilargiaren arabera egiten da: 29 edo 30 egun bitarteko iraupena du, ilgoratik hurrengo ilgorara arte. Aingeruak jaisten dira REamadanean, eta, deabruak, berriz, kateatu egiten dira, bekatuak barkatu ahal izateko. Pubertarotik aurrera ekiten zaio ohiturari. Alabaina, zazpi bat urterekin hasten gara erakusten, behin nerabezarora iritsita, arrotza izan ez dadin, eta fundamentuz egin dezaten. Islamaren bost zutabeetako bat da, gainera.
Asmal Zarouali: Shahada da lehena, alegia, Jainko bakarrean sinistu behar dugu Allah-n, hain justu ere. Bigarrena, ostera, errezatzean datza, salat; bost bider egin behar dugu otoitz egunean. Bestalde, urtero, limosna ematen diegu behartsuei, zakat pilareak hala aginduta. Ramadana da laugarren oinarria, sawm. Azken puntuaren arabera, hayy, gutxienez, bizitzan behin erromesaldia egin behar dugu Mekara. Halere, azken hori ez da beharrezkoa, oztopo ekonomikoak edo osasun- arazoak badituzu.
Ba al da egun berezirik hilabete horretan?
A.Z.: Musulman guztientzat bada hilabete osoan gau inportante bat: Laylat al-Qadr. Gau horretan jaitsi zen Korana, eta makina bat aingeru ere bai: hobe da gau horretan Jainkoa gurtzea, mila hilabetez baino. Azken eguna ere oso berezia egiten zaigu, eta opariak banatzen dizkiogu elkarri.
S.Y.Y.: Ramadan hilaren azken herenean ospatzen da Laylat al-Qadr, baina ez dugu jakiten sekula zehatz mehatz noiz: izan daiteke 23an, 25ean, 27an… Horregatik, prest egon behar dugu, badaezpada. Gaua otoitz egiten igaro ohi dugu, Jainkoari eskatzen, meskitara joaten edo Korana irakurtzen, eta familia osoa elkartzeko ohitura dago.
Zer sentitzen duzue hilabetea amaitzen denean?
S.Y.Y.: Txikia nintzela, urduri ipintzen nintzen hasieran. Baina, hil bukaeran, ez nuen amaitzerik nahi!
A.Z.: Arinagoa sentitzen naiz. Beti gelditzen naiz gehiagorako gogoz.
Nola bizi duzue Ramadana, hemen, gehiengoa musulmana ez den herrialde batean?
S.Y.Y.: Ez dut aparteko arazorik eduki. Jendeak inoiz esan izan dit ea zergatik behartzen ditudan seme-alabak; nik erantzuten diet ez nagoela behartzen, erakusten baizik, haiek adinez nagusiak izan arte nire betebeharra delako gure erlijioaz dakidan guztia erakustea.
A.Z.: Indartsu sentizen zara, niri ez zait baraualdia apurtzeko gogorik sartzen, konfiantza handiz eta babesarekin sentitzen naizelako. Oso gustuko nuke jende gehiagok egitea, sortzen den giroagatik. Baina, jende guztiak errespetatzen du.
S.Y.Y.: Meskita gertuenak Hernanin eta Amasa-Villabonan ditugu. Polita litzateke Andoainen ere meskita egotea, giroa sortu dadin.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.