52 eta 80 kiloetako harri bana plazaratuko dira, eta bakoitzarekin bi minutuko tartea emango zaie harri-jasotzaileei, ea nork kilo gehiago altxa. Harri traketsak Goiburu auzoko Talaia baserrian daude aspalditxoan, nahi dituenak probatu. Lagun ugari azaldu da baserrira azken asteetan, eta oraingoz hamar bat lagunek adierazi dute txapelketan parte hartzeko asmoa. Leire Otermin da horietako bat.
Plazaratzeko asmoa agertu duen emakume bakarra omen zara.
Joan den asteetan hala nintzen, bakarra, baina azken unean beste emakume bat ere animatuko omen da, antolatzaileek adierazi digutenez. Bi izango gara beraz. Hobe gehiago izango bagina, baina pozgarria da gutxienik bik parte hartzea, lehiaren eta ikuskizunaren ikuspegitik. Harriak probatzera emakume gehiago azaldu dira, baina beharbada denbora beharko dute konfiantza har dezaten, eta txapelketako hurrengo edizioetan atera daitezen.
Bestalde, gizonezkoen mailan kuadrilla handia bilduko da azkenean, eta nik uste ziurtatuta dagoela beraien artean saltsa.
Zerk animatu zaitu parte hartzera?
Pauso bat aurrera eraman nuenean, ez nuen pentsatzen emakumetan bakarra izango nintzenik. Gauzak horrela, hasieran ez neukan argi, atera ez atera. Gainera, probatu nituen harriak, eta ez nuen burua seguru sentitzen. Nolanahi ere, ideia batek animatu ninduen: alegia, txapelketa herrikoia dela, eta kontuan hartuta espazio publikoa beti gizonezkoek bereganatu dutela, bada, eskura daukaguna egin dezakegula emakumeek ere geure tokia hartzeko. Horrexegatik, harrien probaketekin segitzea erabaki nuen, eta saiatuz, zeozer txukun egiteko moduan sentitzen naiz momentu honetan.
Animatuko al zenituzke emakumeak parte hartzera?
Bai, noski! Indarra eta teknika, bi ezaugarri horietatik pixka bat edukita, Santa Krutz Harri Txikiekin aritu liteke. Azken batean, bizitzako gainerako arlo guztietan bezala, harriekin ere entrenamenduek ematen dizute gutxieneko trebezia. Alde horretatik, emakumeei esango nieke proba dezatela; ez daukate ezer galtzeko. Aurreneko txandan, ezinezkoa den sentsazioa hartzen duzu, baina jada sartu zaizu halako arra, hurrengoan berriro saiatzera tentatzen zaituena. Zeure buruarekin daukazu erronka, eta hortik aurrera, saiatzea da kontua, lehen esan bezala. Gainera, ez zara hutsetik abiatzen; Jon Lopez de Munain erakuslea ondoan daukazu. Harriak jasotzen ibilitakoa da, eta primeran erakusten dizkizu teknikak; segituan esaten dizu zertan hobetu behar duzun, zer posturak hartu, zeintzuk ez… Hark emandako laguntzari esker, Bekoplazara ez gara zortzi-hamar “basurde” aterako, gutxieneko teknika batzuk menperatzera heldu diren lagunak baizik.
Zer moduz moldatzen zara bi harrekin?
Txikiarekin, txukun samar. 80 kilokoarekin dauzkat komeriak! Saiatu, saiatuko naiz, baina zaila ikusten dut. Egin kontu, ni 60 kiloko emakumea naiz, eta ez da erraza ni baino gehiago pisatzen duen harria altxatzea!
Crossfit praktikatzen dut gimnasio batean, eta hori lagungarri egin zait, nahiz eta ez izan kirol berbera. Izan ere, 100 kiloko pesak lurretik altxatzea gauza bat da, eta bestea harri trakets bat lurretik jasotzeaz gain sorbalda gainera eramatea.
Zer iruditzen zaizu txapelketa?
Ideia bikaina izan dute antolatzaileek. Herritik eta herritarrentzako sortutako lehia da; izaera herrikoia eman diote, eta pixka bat entrenatuz gero edonork parte hartzeko modukoa planteatu dute. Ekar zitzaketen plazetan aritzen diren harri-jasotzaileak, egingo lukete beren erakustaldia, eta sustatuko lituzkete herri kirolak. Baina ez lukete piztuko txapelketa herrikoi honek eragin duen ikusmina. Egundoko harrera eduki sortu du benetan.
Giro polita sortzen da Talaia baserrian, jendea biltzen zaretenean bi harrien inguruan…
Egundoko giroa, bai! Elkar animatzen eta laguntzen aritzen gara. Ahaztu gabe pikea, izan ere, nahitaezkoa baita elkar lehia hori, harriak nork jasoko gehiagotan; sanoa den bitartean, jakina behar duela egon! Are gehiago, behin edo behin komentatu izan dugu polita izango litzatekeela nolabaiteko talde finkoren bat eratzea harriak jasotzeari lotuta, gero beharbada auzoz auzo ibiltzeko.
Zure inguruan sumatzen al duzu ikusmina sortu duela txapelketak?
Lagunek edo inguruko jendeak adierazi didate txapelketara hurbilduko direla, eta gogoz animatuko nautela. Egia esan, batzuek harritu egin dira nirekin. Izan ere, altueran luzea bai naiz, baina gorpuzkeraz igual ez dut harri-jasotzailearen prototipoa betetzen. Orduan, komentatzen diedanean harri txikia menderatzera iritsi naizela, beren arpegietan zalantza igartzen diet, ez dakit erabat sinesten ote didaten... Zalantzak uxatzeko, ostiralean Bekoplazara azaltzea izango dute egokiena.