Alduncinek eta Zipitriak maila handiko kontzertua eman zuten Basteron

Aiurri 2022ko mai. 19a, 14:13

Amaia Zipitria piano-joleak eta Claudia Alduncin klarinete-joleak Schumann, Martinu, Widmann eta Horovitz konposatzaileen piezak interpretatu zituzten, eta azken opari gisa, doinu judutar bizi bati heldu zioten. Alduncinek goi ikasketetako azken errezitaldiari ekin beharko dio Donostian bi aste barru, eta prestaketa gisa bikain etorri zitzaion Basteron atzo jendaurrean eman zuen kontzertua. Kontzertuko lau pieza, ikusgai bideoetan: 

Claudia Alduncin Imaz Andoaingo Udal Musika Eskolan hezitako ikaslea da, eta Musikeneko goi ikasketak amaitu berri ditu; bi aste barru, karreraren amaiera gisa, musikari adituez osatutako epai-mahai baten aurrean errezitaldia egin beharko du, Donostian bertan. Hain zuzen, bere ibilbidean goren-goreneko hitzordua izango da Donostiakoa, eta atzoko saioak haren prestaketarako balio izan zion.

Alduncin Mikel Emezabal klarinete irakaslearekin hasi zen ikasten Andoaingo Udal Musika Eskolan, Erdi mailako ikasketak Francisco Escudero Kontserbatorioan atera zuen, eta azken urtetan, Musikenen egin ditu Goi Mailako ikasketak, Jose Luis Estelles eta Sergio Barranco irakasleekin.  

Etorkizun handiko klarinete-jolea da; jada 17 urterekin, Euskadiko Musika Gazteen lehiaketan lehenengo saria eskuratu zuen haize egurrezko kategorian.

Alduncinek Amaia Zipitria Zugasti piano-jolea izan zuen bidaide atzoko kontzertuan. Donostian bizi den andoaindarra da Zipitria. Luis Fraca eta Myriam Ulanga irakasleekin egin zituen lehen urtetako ikasketak, eta ondoren Donostian, Baionan eta Rotterdameko musika eskoletan jarraitu zituen ikasketak; pianoko goi mailako titulazioa kalifikaziorik altuenarekin lortu zuen. Halaber, Ganbera Musika irakasle izateko titulua ere gradu amaierako ohorezko sariarekin eskuratu zuen.

Madrilgo Reina Sofia eskolan eta Alcala de Henareseko Unibertsitatean lan egina da, piano-jole laguntzaile gisa.

Espainiako estatuko auditorio garrantzitsuenetan eman ditu kontzertuak, eta baita atzerrian ere (Kroazia, Frantzia, Italia, Ingalaterra, Suitza…). Zenbait orkestratan kolaboratzaile moduan aritu izan da, hala nola, RTVE, ONE, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa edo Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Gaur egun, besteak beste, Donostiako Orfeoiko piano-jolea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!