Ahotsak, Beterriko kantak, Atzoko Andoain eta andoaindarrak, Orria aldizkaria, Ahoz aho belaunez belaun... aurreko belaunaldien ohiturak, bizimodua eta hizketa gordetzeko egitasmo ezberdinak izan dira. Beste andoaindar batzurekin artean, Maria Angelesek bizi izan zuten garaiaren lekukotza eman zuen. Hori dela eta 2017an Udalak eta Ahotsak ekimenak antolatutako aitortza jaso zuten.
Haurtzaroko oroitzapenak
Hauexek Maria Angelesek Aiurriri 2017an egindako adierazpenak, andoaindar gehiagorekin batera jasotako omenaldi ekitaldian: "Larre motzean hazitakoak izan arren, beti kontuak adieraztearen aldekoak izan baikara. Hamaika seme-alaba ginen baserrian baina ama oso ona genuen, eta behin ere errietarik ez zigun egin. Euriak kalean harrapatu eta etxera itzuli behar zenean, alpargatak ez puskatzeagatik lepoan hartu eta hankutsik abiatzen ginen. Intxaurrondo handia bagenuen etxe ondoan, eta ezkurrak erortzen ziren garaian, koxka batean jarri eta panpinak egiten genituen intxaurrekin eta ezkurrekin; batzuk mantalarekin, besteak mantalik gabe... Kalera etorrita, kale bakarra zen Andoainen baina hortik ez zen automobilik ibiltzen, eta gu txingoka jolasean zenbat ez ote ginen ibiltzen karretera generalean, kotxerik ikusi gabe! Gerra ere ezagutu genuen, baita soldaduak eta guardia zibilak; bonbak etxe ondotik pasatzen zitzaizkigun eta korrika abiatzen ginen belaze azpian sartzera. Holaxekoa izan zen gure bizimodua, baina beti pozik! Umeak ume bezala pasatzen baditu urte horiek, jolasean eta horrela, zoriontsu da beti.
Sorabillara joaten ginen plazara, eta han On Domingo apaiza egoten zen. Harekin ikasi genituen lehenbiziko letrak, batuketak, kenketak, dotrina... Dena euskaraz! Hark ez zigun dotrina galdetzen; “zuek nik baino gehiago dakizue” esaten zigun. Gero eskola publikoan hasi ginen, eta han dena erderaz eta eskas. Piku baten azpian, astean behin guri doktrina ematearen aitzakian, euskaraz hitz egiten genuen. Goxokia ekartzen zigun; badakizu zer zen guretzat goxokia apaizak ekarrita? Gero hasi ginen kalean eta fabrikan erdaldunekin. Gure etxean erderaz hasten ginen, eta komeriak aitarekin! Ez eskolatua izanagatik, bizkorra zen hura! Behin bakarrik jo zidan, ia-ia sudurra txikitze adinakoa. Erdaraz sumatu gintuen ahizpa eta biok behin, eta danba! Hantxe bukatu ziren, gaur arte, erderazko kontuak!".
Aitortza ekitaldia Basteron, 2017an
Lekukotza