Izan ere, batzuek ez daukate oso argi zer den euskaltegi bat, zer egiten den bertan, nolakoak diren euskara ikastaroak... Ate-irekiek zalantza horiek guztiak argitzen lagundu dute. Andoaingo AEK euskaltegiko eskaintzaren berri izan dute bertaratu direnek: ohiko euskara ikastaroak, AISA jatorri atzerritarrentzako ikastaroak, merkatarientzako ikastaroak, autoikaskuntza nahiz mintzalaguna egitasmoa... Helburua izan da euskaltegiaren ikuspegi osoagoa eta gertuagokoa izatea.
Azpimarra egin dute, gainera, euskara ikasteak abantaila ugari dituela gure herrian: komunitatean integratzen lagundu, arlo akademikoan nahiz lan arloan aukerak zabaldu, bestelako kultura bat ezagutu eta, azken finean, euskaraz bizitzen hasi.
Aspalditik datorren nahia da honakoa, eta Andoaingo Udalarekin elkarlanean eta Ongi Etorri Eskolara elkartearekin landutako ekimena izan da.
Jone Tolosa euskaltegiko zuzendariak adierazi duenez, gaur etorri ezin izan dutenak ere gonbidatuta daude euskaltegira , “orain aurrematrikula kanpainan gaude eta interesa duen edonor hurbil daiteke hona, eta gustu handiz emango diogu gure eskaintzaren berri”.