Maite Sagaseta eta Leire Esnaolak egin zuten jaialdiaren aurkezpena. Eta pandemiaren ostean indarberrituta eta pozez txoratzen itzultzen zirela adierazi zuten lehenbiziko eta behin. “Orain arteko emanaldietan urduri egongo, baina aurtengoan, onartu behar dugu poza, irrika, alaitasuna eta sentimendu ugari eta nahasiak dakartzagula sabelean dantzan. Adin desberdinetako dantzariak astero-astero biltzen gara, eta gaur, haur zein helduak eta guztiak batera musikariak lagun ditugula, geure oinak astintzera gatoz. Basterotik atera gabe, Euskal Herri luze zabalean dantzaren bidez bidaiatzeko asmoa dugu".
Euskal Herri oso hainbat dantza eskaini zituzten Basteron, aurkezpenean esan bezala. Hona jorratu zuten errepertorioa: Esku Dantza, Ezpata Dantza, Soinu Zaharrak, Arku Dantza, Gaztelugatxe, Iragorriko Eskudantza, Fandango eta arin-arina, Brokel Dantza eta Uztai Txiki, Lapurdiko inauteriak, Sagar Dantza, Zuberoako dantzak, eta Branlea. Dantzariak Fernando Gonzalez, Enaitz Vazquez, Mattin Zalakain, Lorena Zalakain eta Olagain Txistulari Elkarteko txistularien doinupean aritu ziren.
Joxema Setieni, esker oneko keinua
Joxema Setien txistulariak Olagain Txistulari Elkarteko zuzendaritza utzi berri du, hamar urteren ostean. Bestetik, Urki dantza taldea sortu zuten dantzazaleetako bat izan orain 34 urte, eta geroztik, bertako txistularia izan da urtetan. Urkiko egungo erakusle eta eragileek une egokia ikusi zuten esker ona adierazteko, eta horrexegatik, emanaldiaren erdian, ohorezko aurreskua dantzatu zioten. Hona irakurri zuten idatzia, Joxema Setieni zuzenduta:
“Duela 34 urte, lehenengo Euskal Jaialdiaren bazkalondoan gure Dantza Taldea sortu zen, eta zu han zeuden, Joxema. Ilusioz beteriko herri ekintzaile gazte-gaztea zinen; bai, Urkiren sortzaile bat zaitugu!
Geroztik, urte guzti horietan, dantza taldearen partaide izan diren ehunka neska-mutil andoaindarren oinek zure txistu doinuaren esker egin dute dantzan.
Gaur, Urkiren eta herritarren izenean, gure eskerrik maitagarriena azaldu nahi dizugu, zure ardura eta eskuzabaltasunagatik euskal dantza Andoaingo ondarean errotzen lagundu duzulako.
Besarkada bero bat. Biba zu!”.
Setienek, guztiei eskerrak eman ostean, Urki taldean betidanik nagusi izan den talde lana nabarmendu nahi izan zuen.