Rafael Benitez, garai bateko zapataria, zendu da

Aiurri 2022ko eka. 20a, 18:30

Rafare Benitez aulki-gurpilean, frankismoaren biktimen aldeko aurtengo ekitaldian

Rafael Benitez Anguas hil zen herenegun, 94 urterekin. Quintana de la Serena herrian (Badajoz) jaio zen 1927an, eta gaztetan, 60ko hamarkadan, Mº Antonia Orellanarekin Euskal Herrira heldu zen. Andoainen, zapata konpontzaile ezaguna eta ondo estimatua izan zen hamarkadetan. Azken urtetan, frankismoak zapaldutako biktimen alde urtero Etxeberrietan egin ohi den ekitaldiaren hitzordua galtzen ez zuen horietakoa izan zen, faxistek erail zuten anaia ondo gordean eduki ohi zuen.

Mª Antonia Orellana emaztea Quintana de la Serenako herrikidea zuen, eta biek hiru seme eduki zituzten: Kepa, Diego eta Maite. 60ko hamarkadan Euskal Herrira helduta, Benitezek Kale Nagusiko Argiñanea etxeko azpian ireki zuen negozioa lehenbizi, eta Kale Berrian ondoren, harik eta 1992an jubilatu zen arte. Trebea zen esku-lanetan, maisua zen zapatariaren ofizio tradizionalean, eta herritarrek ederki estimatzen zituen haren konponketak.

Rafael Benitez bere lantokian Loli Murillo bezeroarekin, Kale Nagusiko negozioan (Argazkia: Benitez Orellana familia)

 

Frankismoaren biktima

Langilea ez ezik, diskretua zen gizona, eta Andoainen zapatari gisa jardun zuen bizialdian herrikide gutxik jakin zuten bere familiak Quintana de la Serenan jasandako drama, 1936ko kolpe zaleek Extremaduran eragin zuten errepresio latzaren testuinguruan

Izatez ere, Benitez, Extremaduran herri xeheak jasaten zuen miseriarekin eta zapalkuntzarekin lotutako kontzientzia ondo barneratua zeukan familia baten altzoan jaio eta hazi zen. Nolaz ez, itxaropen giroa bizitu zuen etxean, Errepublikaren etorrerarekin batera. Epe historiko horretan, Diego Antonio, bere anaia, anarkismoa zabaltzen aritu zen herriz herri antzerkigile gisa, eta horrexegatik erail egin zuten 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ostean. Aita, berriz, 1940an hil zitzaion; Rafaelek Ahozko Historia: oroimenean lokatutako historia liburuan (Oroituz elkartea, 2006) adierazi zuenez, bere aita, herrian jasan zuen jazarpenagatik eta semearen galerak eragindako penagatik hil zen.

Rafael Benitez familiaren erretratu zaharra eskuetan duela, Oroituz elkartearen liburuan 

 

Familia markatua zegoen herrian, etsai edo gorri gisa, eta gerra osteko giro ilun eta zapaltzaile hartan Rafaelek berak ederrak pairatu behar izan zituen. Eskola kumea izanik, ikastetxean, “¡Un dos tres, Rafael rojo es!” oihu eginez egiten zioten burla ikaskideek, frankismoaren adoktrinamendua irakaskuntzara iritxia baitzen. Kalera irteten zenean, berriz, herriko jauntxo nazional-katolikoek alkandora urdina janztera eta bandera espainoleko besokoa eramatera derrigortu nahi izaten zioten; nolanahi ere, haien esanetara makurtu nahi ez-eta, urte bete egin zuen jolastera irten ezinik. Beldurrak akabatzen geratzen zen etxe zuloan…

Extremaduran bizimodua atera ezinda, halako batean, Euskal Herrirako bidea hartu zuten emazteak eta biek. Berarekin, familia bakean osatzeko gogoaz gain, Quintana de la Serenako gertakizun pertsonal horiek ekarri zituen. Baina diskrezioa eta umiltasuna bere jokabideko ezaugarrietako bi zituenez, ez zen izan jendaurrean honegatik eta hargatik nabarmentzearen aldekoa, gutxiago bere familiaren pasadizo lazgarriak kontatzearen aldekoa. Gaztetan jasandako umiliazio eta mehatxuek bere arrastoa utziko zioten, zalantzarik gabe.

Anaiaren oroitzapena ondo gordeta eduki zuen beti hala ere, eta segituan identifikatu zen Miranda pasealekuan faxismoak eraildakoen alde jarritako eskulturarekin eta bertan urtero egiten den omenaldi ekitaldiarekin. Emozioz beterik hartzen zuen parte eraildakoen aldeko lore eskaintzan, eta barruak mugitzen zitzaizkion Banda Errepublikanoak doinu borrokalari eta antifrankistak abestu zituenean.   

Horrela, Diego Antonio bere anaiaren eta gainerako desagerrarazientzat egia eta justizia eske azaldu zen urtero-urtero Etxeberrietako zelaian. Aurtengo ekitaldi publikoan parte hartzeko indarrak ere nonbaitetik atera zituen, nahiz eta osasunez pattal egon ordurako. Gurpil-aulki batean azaldu zen seme batekin, bandera errepublikanoa ondoan zuela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!