Ez ohiko plenoa deitu du Andoaingo Udalak, Etxeberrietarako aurrera eraman nahi duen hirigintza egitasmoari bidea emateko

Jon Ander Ubeda 2022ko uzt. 7a, 14:34

Etxeberrieta berritzeko fase ezberdinak aurrera eraman dira. Azken honekin eztabaida sortu da. Argazkia 2018ko jaietakoa da. Laster iritsiko dira berriro Saninazioak.

Uztaileko ohiko plenora itxaron gabe, datoren astearterako ez ohiko batzarraldia deitu dute.

Andoaingo Udalak babes sozialeko etxebizitzak eraiki nahi ditu Etxeberrietan, eta horretarako Eusko Jaurlaritzarekin hitzartu duen lankide-hitzarmena abian jarri nahi du. Azken plenoan bidea eman behar zitzaion aztergaiari, baina plenora hainbat bizilagun hurbildu ziren kontu eske. Bizilagunen parte hartzea eta gero, erabakia atzeratzea erabaki zuten ordezkari politikoek. Baina ez da denboran asko luzatuko egoera hori. Atzo bilera berria egin zen Udal ordezkarien eta auzotarren artean, eta gaur Udalak prozedura abian jartzeko ez ohiko plenoa iragarri du. Datorren asteartean izango da, eguerdiko 13:30ean hasita.

Andoaingo Udalak babes sozialeko etxebizitzak eraiki nahi ditu Etxeberrietan, eta horretarako Eusko Jaurlaritzarekin hitzartu duen lankide-hitzarmena abian jarri nahi du

Aurreko osteguneko plenoa, aspaldiko luzeena

Ia hiru orduko plenoa izan zen ekainekoa, nahiz eta herritarrek soilik haren erdia ikusteko aukera izango duten. Izan ere, herrikideen interbentzioak ez ziren Andoaingo Udalak Youtube bidez duen kanaletik zabaldu. Gai-zerrendaren laugarren puntuak honela zioen: "Etxeberrieta, Ama Kandida eta Agirialai eremuetan babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Andoain Udalak sinatu beharreko lankidetza-hitzarmena hasierako izaeraz onartzea". Horrek Etxeberrietako auzokideen interesa piztu zuen. Baita haserrea ere. Lankidetza hitzarmena euren bizkar egin dela salatu zuen herrikide batek, eta Udal gobernuaren aldetik eman zen erantzuna bete beharreko prozedura dela hitzarmena hasierako izaeraz onartzea izan zen. Muinean, afera honetan etxejabeen interesen eta Udalaren asmoen arteko talka dago. Udalak Etxeberrietan etxebizitza sozialak egiteko egitasmoa aurkeztu zuen otsailean. Bitartean, aurreko urteetan eremu hartako etxebizitzen jabe asko enpresa batekin ingurua biziberritzeko tratutan aritu dira. Jabetza saltzea edota botatzearen truke berri bat eskuratzea zen haietako askoren asmoa. Eztabaida luze baten ondoren, aztergaia mahai gainean geratu zen. Udalak eta auzotarrek bilera egitea adostu zuten. Asteazken arratsaldean izan zen Basteron.

Atzoko bilera luzea eta katramilatsua izan zen. Bizilagun batek baino gehiagok parte hartu zuen eta, oro har, alkatetzaren eta auzotar batzuren artean dauden ikuspegiak are gehiago urrundu ziren. Aurreko bi faseak eraiki dituen enpresa eraikitzailearen ordezkarien eta alkatearen artean, gainera, gezurretan aritzea leporatu zioten elkarri.

Muinean, afera honetan etxejabeen interesen eta Udalaren asmoen arteko talka dago

Ez ohiko plenoa deitu dute uztailaren 12rako

Azken plenoan aztergaia mahai gainean utzi eta gero, bizilagunekin bilera berria egin eta biharamunean Udal gobernuaren egitasmoari hasiera emateko prozedura martxan jartzeko data ezarri dute. Ez dute uztailaren 21eko plenoa iritsi bitarte zain egon nahi eta Andoaingo Udalak ez ohiko deialdia iragarri du: “2022ko ekainaren 30ean egindako osoko bilkuran, gai-zerrendako Etxeberrieta, Ama Kandida eta Agirialai eremuetan babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Andoaingo Udalak sinatu beharreko lankidetza- hitzarmena hasierako izaeraz onartzeko proposamena izeneko puntua mahai gainean uztea erabaki zen, eragindako auzokideekin informazio-bilera bat egiteko, hurrengo osoko bilkuran hitzarmena onartu baino lehen.

Aurrekoa bete dela kontuan hartuta, bidezkoa da ezohiko bilkura hau deitzea, dagokion erabakia hurrengo ohiko bilkurara arte atzeratu behar izan gabe; izan ere, komenigarritzat jotzen da erabakia berehala onartzea, babes publikokoak diren etxebizitzak sustatzeko eragiketa garrantzitsuak eta bertan jasotzen diren hiri-berrikuntzako eragiketak lehenbailehen abian jartzeko prozedurak eta izapideak abian jartze aldera”.

Bilkura batzar aretoan izango da uztailaren 12an, eguerdiko 13:30ean hasita.

Bizilagunekin bilera berria egin eta biharamunean Udal gobernuaren egitasmoari hasiera emateko prozedura martxan jartzeko data ezarri dute

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!