Eskuz Binakako final bizi-bizia jokatu dute Goiburun, bart gauean

Aiurri 2022ko uzt. 9a, 09:20

Eskuz Binakako XVI. Pilota Txapelketako azken bi partiduak jokatu dira bart gauean, Goiburu auzoko frontoian. Pilota-giro aparta bizitu dute bertaratu direnek, eta Lontxo Santa Cruzek eta Jon Jauregik jantzi dute txapela, finalean Julen eta Mikel Gaztañaga anaiei 22-17 irabazi eta gero. 2021ean zendu ziren Ramon Jauregi eta Iñaki Gurrutxaga zaletuei omenaldi xumea eskaini diete. Argazki bilduma eta bi bideo (finaleko bi tantu eta sari emate ekitaldia), ikusgai:    

 Asier Iraola-Jon Irazu eta Beñat Salbador-Eneko Uria bikoteek 3. eta 4. posturako indarrak neurtu dituzte, eta lehenak 22-19 irabazi dute.

Lehia bizikoak eta kalitate handikoak izan dira bi partiduak ere, eta zaletuek, tantu askotan, txalo zarta beroekin eskertu diete pilotariei.

Hogei bikotek hartu dute parte Gaztetxeak Gazteleku pilota eskolaren laguntzarekin antolatzen duen txapelketan; XVI. edizioa bete du aurten.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!