Plenoan zenbait auzotarrek hitz egin dute. Interbentzio guztiak gobernu taldearen jokabidea salatzeko izan dira. Laburbilduz, haserre eta mesfidati agertu dira Andoaingo Udalak Eusko Jaurlaritzarekin sinatu duten hitzarmenarekin. Izan ere, ziurgabetasun sentimendua nagusitu da bertan bizi direnengan. Hitzarmenak zer nolako ondorio izango dituen ez dakitelako.
Berrogieta bi minutuan Udal ordezkariek eta herritarrek hitz egiteko aukera izan dute, eta bertan azken asteetan agerikoa den zatiketa nabarmen geratu da. Plenoa amaitzean, tentsio uneak izan dira eta Udaltzaingoa agertu da udaletxearen kanpoaldera.
Udal ordezkarien adierazpenak
Hauxe da laburbilduz alderdi bakoitzak adierazi duena.
Jose Luis Verdasco (PSE-EE): “Ez-ohiko batzarraldia deitu dugu, ezinbestekoa iruditzen zaigulako ahal bezain azkarren neurriak hartzea. Bizi duten egoerari erantzun bat eman behar zaio, segituan. Askotariko kasuistikak daude auzoan, baina, uste dugu, ezinbestekoa dela modu eraginkor eta sozial batean jardutea”.
Mari Jose Izagirre (EAJ-PNV): “Onartzen dugu egin beharreko komunikazioa, akaso, ez dela nahikoa izan. Baina, Verdascok adierazi bezala, uste dugu egiten ari diren ikerketa sozio-urbanistikoan kasuistika ezberdinak aztertuko eta kontutan hartuko dituztela; horiek horrela, gu instituzio bezala, publikoaren alde jo behar dugu eta, beraz, gure bozka baiezkoa izango da”.
Andoni Alvarez (EH Bildu): “Ez du zentzurik proiektua aurrera eramatea bizilagun gehienak aurka baldin badaude. Horrelako proiektu bat egikaritzeko ezinbestekoa da informatzea. Bizilagunei kasuistika bakoitzean zer jazoko den azaldu beharko liezaieke eta, ondoren, adostasunarekin sinatu. Kasu honetan alderantziz egin da; hitzarmena onartzeko eskatu, euren etxebizitzekin zer gertatuko den jakin gabe”.
Tere Santana (Elkarrekin Podemos): "Sarritan adierazi bezala, kuadeaketa publikoaren alde gaude eta hitzarmena onartzeko prest agertuko ginateke gauzak ongi egin izan balira, baina egoera honetan ezinezkoa zaigu baiezko bozka ematea. Komunitate bat gara, bizilagunak ditugu; ez zarete bakarrik bizi. Nire uste autokritika apur bat egin beharko zenukete”.
Herritarren parte hartzea
Bost pertsona ezberdinek hartu dute hitza. Adierazpen guztien artean emakumezkoen bi ahots nabarmendu dira gaurkoan.
Jaione, Etxeberrietako etxejabeen senidea: “Hitzarmen tranpa bat da, eta horregatik ulertzen dut oposizioko alderdien abstentzioa. Hitzarmenaren alde egiteak desjabetze gordin bati bidea ematea da. Historia asko dago auzoan baina kasuistika oso zehatzak daude. Ez dut ulertzen gobernu taldearen jokabidea. Komunikazioa, gardentasuna, formak, gertutasuna, enpatia eta arima gutxi erakutsi duzue”.
Fatima, etxeberrietan bizi den herrikidea: “Etxebizitza baten jabe naiz. Gezurretan aritu dira gurekin. Udal gobernutik adierazi da hitzarmena sinatu behar dugula eta ondoren azalpenak emango zaizkigula. Bada, ez. Zuk lan hitzarmen bat sinatuko zenuke jakin gabe zein lan baldintza izango duzun? Ez. Langilea naiz, eta zortzi seme-alaben ama naiz. Ikasten ari dira, eta senarra eta ni biak ari gara lanean. Lan asko egin dugu etxebizitza eskuratzeko eta ez naute handik aterako”.
Zuzeneko emankizuna birritan gutxienez eten dute
Ez ohiko plenoan egon ez denarentzat gertatzen ari zena jarraitzeko modua youtube bidezko zuzeneko emankizuna ikustea izan da. Gerora, gainera, bideo hori ikusgai geratzen da. Oraingoan herritarren adierazpenak on line emango dituztela aurreratu du Maider Lainez alkateak, egoera hauetan nola jokatu aztertzen ari direla iragarri duen bitartean. Andoaingo Udaleko Idazkari Orokorrak herritarrei hitza eman aurretik, parte hartu behar zutenen baimena behar zuela adierazi die.
Tamalez, plenoaren bideoan mozketa nabarmenak daude. Ikusgai dagoen bideoa 32 minutukoa da, plenoaren iraupena 42 minutukoa izan denean. Marijose Izagirreren adierazpenaren 13 segundu baino ez dira emititu, bere parte hartzea 43 segundukoa izan denean. Jarraian, bigarren aldiz hitz egin dute EH Bilduko Andoni Alvarezek (2:09 minutu) eta Elkarrekin Podemoseko Tere Santanak (1:45 minutu). Bien adierazpen moztuta daude, bere osotasunean. Bien adierazpenen amaieran txalo zaparrada entzun da pleno aretoan.
Etxeberrietako etxebizitzen jabeen izenean Jaione auzotarra nabarmendu da azken pleno eta bileretan eta gaurkoan 5:30 minutuko parte hartzea izan du. Youtubeko kanalean, adiz, 8 segundutan baino ez zaio entzuten.
Plenoaren zati bat ikusgai dago
Esan bezala ia hamar minutuko aldea dago plenoan bizitakoaren eta internet bide ikus daitekeenaren artean.