Jai Batzordeko kide den Joan Antonio Irazu Delan-ek azaldu zuen Etxeberrietan urtero kirolari edo kirol talde ohi bati gorazarre egitearen arrazoia. “Roberto Cabrejas kirolari handi-handia izan zen bere garaian, Espainiako Estatuan, maiz, podiumera igotakoa, errekor ugariren jabea eta olinpikoa, besteak beste. Eta, hala eta guztiz ere, Andoainen bere ondorengo belaunaldiek apenas daukaten haren berririk. Errealitate amorragarri horrek bultzatu gintuen argitan jartzera bai bera eta bai bera bezala Andoaingo kirolaren historia urrez idatzi arren ahazturan dauden kirolariak; modu xumean saiatzen gara, noski, auzo bateko jaien baitan egin daitekeena egiten baitugu”.
Irazuri etsigarria iruditzen zaio geure historiarekin eta geure kirolariekin daukagun ezjakintasuna. “Penagarria da zenbat informazio daukagun Realeko edozein jokalariren huskeriarik txikienaren gainean edo Messik noiz egiten duen eztula, baina aldi berean, erabat ezjakinak gara bizilagunekin, ez dakigu iraganean nola parte hartu zuten Olinpiar Jokoetan edo holako edo halako kiroletan txapeldunak izan zirela”.
Kontxako banderen irabazle
Ahazturaren kutxan kasik geratu diren kirolari horietako sei dira Etxeberrietako jaietan, aurten, omenaldia jasoko dutenak. 80ko eta 90eko hamarkadetan, Pasaiako badian, elastiko morea (San Pedro) jantzi zuten Juan Inaxio Eizmendi, Iñaki Irulegi, Xabier Artola eta Xabier Jauregi, zein elastiko arrosa (Koxtape-San Juan) jantzi zuten Manuel Azpillaga eta Imanol Ansa dira horiek.
Estropaden historian, garaipenen arloan zikloak izaten direla diote, eta halaxe gertatu zen urte askotan (1986tik 1994ra, hain zuzen) Pasaiako traineruekin, nagusitasuna erakutsi baitzuten orduan San Juaneko Erreka traineruak eta San Pedroko Libia traineruak. Biren artean Kantauri itsasoan ospatu ziren estropadetako makina bat bandera eskuratu zituzten.
Bada, seikoteak epealdi historiko hori ezin gertuagotik bizi izan zuen, arraunean latz aritu baitzen, eta besteak beste, Kontxako zazpi bandera lau haizetara zabaltzea lortu zuten.
Etxeberrietako Jai Batzordeak seikotea uztailaren 15ean bildu zuen auzoan bertan, uztailaren 31n, San Inazio egunarekin batera egingo zaien omenaldiaren gaineko xehetasunak azaltzeko asmoz. Esker oneko agertu ziren seiak ere. Azpillagak hartu zuen hitza: “Egia esan, guk ere nahiko ahaztuta dauzkagu orduko ibilerak, baina pozten gaitu jakiteak herrian badela jendea gogorarazteko prest dagoena. Garai haiek ateratzen direnean, maiz kosta egiten zaigu jendeari sinestaraztea arraunean ibiltzeaz gain Kontxako banderak ere irabazi genituela!”.
Estropadetarako zaletasuna
80ko hamarkadaren hasieran, ezin daiteke esan andoaindarren artean tostako arraunketak jarraipen berezirik zeukanik. Andoaingo Batzokia eta Errekaburu elkarteak, ordea, Santa Krutz jaien arrimuan batela antolatzera animatu ziren, eta bertan trebatu ziren arraunean goian aipatutako mutil guztiak, Ansa ezik; Upategiko semeak Hernaniko taldean egin zituen lehen pausoak.
Baliteke lehorreko lehen arraunlariak izatea andoaindarrak, hortaz, eta Jauregik gogoratu duenez, Pasaiako bi taldeetan ikusmina pittin bat piztu zuten hasieran, ea zenbateko errendimendua eman zezaketen proba moduan.
Pasaiako bi traineruen urrezko garaia bizitu arren, ez ziren “famatuak” egin herrian, Ansak adierazi duenez: “komunikabideek eta ETBren kamerek ez zuten egungo jarraipena egiten, gizartean ez ziren horrenbesteko irrikaz segitzen estropadak; konparazio batera, ez zen normala Gipuzkoako barnealdeko edozein herrietan balkoietan banderak zintzilikatzea, orain bezala. Gure inguruko familiakoak, bikoteak, lagunak edo herrikideak eta abarrak urtean behin besterik ez ziren joaten gu ikustera edo animatzera, Kontxara”.
Irulegik zera erantsi zuen: “Inguruan harridura eragiten zien gure bizimoduak, ni bezalako gazte batek nola zeukan galarazita asteburuetan parrandarik egitea”.
Nolanahi ere, kuriosoa da gauza, zeren seikoteak nolabaiteko arrastoa utzi baitzuen Andoainen, beren atzetik hainbat gaztek heldu zioten-eta arraunari (Karlos Letamendi, Mateo Ponce, Xabier Oiartzun, Mikel Otamendi, Aitor Zabala, Isidro Ansa, Joseba Huizi, Ruben Gelbentzu…).
Pasaian, bi traineru norgehiagoka eta mokoka
Donibane-San Juan eta San Pedro auzoetako biztanleak ika-mika frankotan sartuta ibili izan dira beti estropaden kontura; zer esanik ez biak ere punta-puntan zebiltzan garai hartan! Lehia ezin biziagoa, aurrez-aurre bizi ziren bi auzoetan. Andoaindarrek nahiko urrunetik ikusten zituzten zalaparta horiek, Ansak zehaztu duenez: “Entrenatu edo lehian parte hartu bai, baina gero, etxera itzultzen ginen. Eskerrak horri! Bertan bizi ziren arraunlariei, ordea, nik uste kalte egiten ziela lehertzeko zorian zegoen giro hark”.
Urruntasun geografiko eta emozional hori pasaitar askok ez zutela oso natural ulertu aitortzen du Jauregik, nolanahi ere. Pasadizoa kontatzen du, uste hori indartzeko: “Arraunean hasi ginenean, lauk (Imanol, Manuel, Juan Inaxio eta lauok) auto berean egiten genituen Andoain eta Pasaiako joan-etorriak, entrenamenduetan. San Pedrora iristen ginen autoarekin, eta gero Imanolek eta Manuelek badiako ontzia hartzen zuten Donibanera joateko. Halaxe pasa genuen negua, lehorreko entrenamenduekin. Botearekin uretan sartzeko garaia ailegatu zenean, hor etorri zait San Pedroko zuzendaritzako kide bat: “Ez da posible zuena. Moztu beharra dago!”. Aurkarien sekretuak edo nik zer dakit zer elkarri kontatzeko arriskua zegoela, eta nork bere aldetik ibili beharra zeukala! Diru pixka bat eman zidaten gasolinaren truke, konformatzeko, eta horregatik, erdi txantxetan, beti esan izan dut igual neu izango nintzela estropaden historian dirua jaso zuen lehenbiziko arraunlaria!”.
Banderen auzia
Herri berekoak izateak bi auzoak eta elkarri begira egoteak, bi ezaugarri horiek ere areagotu egin izan dute sanjuandarren eta sanpedrotarren arteko sesio historikoa betidanik, ziurrenik. Kontxako banderak batek irabazteak sortu ohi zituen egoerarik irrigarrienak, edo mingarrienak, Irulegik gogoan duen bezala: “1990dean San Juanek irabazi zuen Kontxako bandera, eta gogoratzen naiz hurrengo egunak San Pedroko arraunlariei zein gogorrak egin zitzaizkigun. Badiara entrenatzera irten, eta San Juaneko zaletuak hantxe genituen zain bestaldean egunero, banderarekin gora eta behera ibiltzeko ospakizunetan! Hurrengo urtean, Kontxan geuk irabaztea egokitu, eta orduan, ordaina jasan behar izan zuten San Juaneko arraunlariek!”.
Bizipen entzungarrien kontalariak
Aitortu zutenez, gutxiago edo gehiago segitzen dute estropaden mundua, eta, urtean behin, behintzat, Kontxako estropadetan ikusteko aukera edukitzen dute. More eta arrosa koloreko elastiko zahar historikoak etxean gordeta dauzkate, baina ez dira ausartzen horiek jantzita Donostiara joatera, “ja ez baikara kabitzen!”. Izan ere, elastiko haiek jantzi zituzten denboraldian, mutil zimel-zimelak ziren, kiroletan dagoen kirolik diziplinatuena praktikatu baitzuten.
Euskal Herriko estropaden historia hurbilaren zati batean protagonista izateaz gain, hiztunak eta umore onekoak dira Etxeberrietako Jai Batzordeak mahai baten inguruan uztailaren 15ena bildu zituen sei arraunlari ohiak. Horregatik, gertakizun eta pasadizo mordoska kontatzeko okasioa eduki zuten bertan, pare bat zurito hartzearekin batera. Esan beharrik ez dago afari batean bilduz gero, ze tamainako hitz-aspertuari ekingo lioketen!
Uztailaren 31n, Etxeberrietako jaien baitan Roberto Cabrejas Memorialean egingo zaien omenaldian, eta ondorengo hamaiketakoan, edukiko dute parada kontu zaharrak biziberritzen segitzeko!