N1 ANDOAIN A15

Alegazio epea zabalik dagoela baliatuta, bilerak deitu dituzte herritarrek

Aiurri 2022ko abu. 30a, 07:24

Bazkardoko lotunean eta N1 errepidean eraldaketa handia egitekotan da Gipuzkoako Foru Aldundia. Dagoeneko ezaguna da egitasmoaren aurre proiektua. Irailaren 14ra bitarte alegazioak aurkezteko epea dago, eta dagoeneko herritar batzuk lanean ari dira.

Herritar talde batek plataforma bat sortzea erabaki du, proiektuarekin "kaltetuta" sentitzen dela adierazi eta gero. Plataformaren bultzatzaileentzat, Aldundiak sustatzen duen C2 delako egitasmoa “zentzugabekeria onartezina da, kate atmosferiko eta akustikoei irtenbidea emateko aukera betiko hondatzea dakarrelako, eta baita giza komunitate gisa ingurune atseginak izateko aukera ere”.

Bi bilera deitu dituzte informazioa helerazteko, auzoetan banatuta, hain zuzen.

  • Irailak 1, osteguna. Basteron, 19:00etan. Mimendi, Bazkardo eta Kalonge auzuneko bizilagunei zuzenduta.
  • Irailak 5, astelehena. Karrika elkartean, 19:00etan. Zumea, Martin Ugalde, Karrika, Miranda pasealekua eta Aita Larramendi kaleko bizilagunei zuzendua da.

Sorabillan, hirugarren bilera

Bestalde, Sorabilla-Errotagain elkarteak ere bilera antolatu du auzotarrei begira.

  • Irailak 7, asteazkena. Sorabillako Erroterotxean, 19:00etan.

Elkarteak zabaldu duen oharrean adierazten denez, "Errepide sarea eta errepide ezberdinen arteko loturak hobetzeko egin asmo diren azpiegituren berri eman genuen aurreko batzarrean eta azaldu genuen nolako eragin larriak eragiten zituen proiektu horrek gure auzoan (ez-jabetzak, aisialdirako espazioen okupazioa, arriskuen gehitzea eta abar). Aldi berean, proiektu horri egin beharreko alegazioak adostu genituen aipatu batzarrean".

Hortaz, egindako lehenbiziko bilera hari jarraipena ematea izango da irailaren 7ko bileraren helburua. 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!