N1 ANDOAIN A15

"Andoaindarrok herri duin batean bizitzeko eskubidea dugu”

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 2a, 08:33

Herritar talde bat udan elkartzen aritu da, alegazioak prestatzeko eta burokrazia horretan galdu antzera dabiltzan gainerako herrikideei laguntza emateko. Bart arratsaldean lehen bilera deitu zuten bereziki Mimendi, Bazkardo eta Alejandro Calonge auzuneetako bizilagunei zuzenduta. 70 lagunetik gora hurbildu ziren hitzordura. Gehienak auzune horietakoak, baina baziren herriko beste auzoetako bizilagunak ere.

"Plataforma osatzen dugunok indarrean dagoen Hirigintza Plan Orokorra defendatzen dugu. Foru Aldundiak aurkeztu duen planak baliogabetu egiten du Andoaingo Plan Orokorra. Horregatik osatu dugu plataforma, eta bertan gaude zuzenean kaltetutako herritarrak, zeharka kaltetutako herritarrak eta beste hainbat andoaindar”. Iñaki Perez de Eulate izan zen bozeramaile lanak egin zituenak. Lehen zatian denboran atzera egin zuen, N1 errepidearen egoera testuinguruan jarriz. Laburbilduz, 1980tik hona Andoaingo Udalaren Plan Orokor ezberdinetan izpiritu berbera jaso dela adierazi zuen. Eta horren arabera egungo N1 errepidea udalerritik urruntzea aurrikustea zen. 

Oso kritiko agertu zen Aldundiaren egitasmoarekin: “Aurrera eraman nahi duten egitasmoak ez die herriak pairatzen dituen arazoei irtenbidea ematen. Ingurumen aldetik eta kutsadura aldetik ez du irtenbiderik suposatzen, eta gainera Elizalde Haundi eta Cordoba baserriak, Egutegi enpresa eta Presagaina etxea botako dituzte. Bazkardon sortzen diren ilarak saihestea, hori da lortuko den onura bakarra. Andoaindarrok herri duin batean bizitzeko eskubidea dugu”.

Abokatuen aholkularitzapean lanean ari direla aurreratu zuen: “Ez goaz inoren aurka, eta Andoaingo Hirigintza Plan Orokorra defendatuko dugu. Abokatu talde batekin lanean ari gara, dagozkion alegazio guztiak aurkezteko. Bide administratiboa zabalik dago, alegazioak zerrendatzeko. Prozedura administratiboa 4-6 hilabetez luzatuko da. Espero dugu horraino iristea, baina segidan bide judizialaren bidez jarraitzea aurrikusten dugu”. 

Bilera 21:00tan amaitu zen, Basteroko ateak ixtearekin batera. Bilera parte hartzailea izan zen, bizilagun askok hitza hartu zutelako.

Mimendiko alegazio orokorra

Plataformak eguna baliatu zuen Mimendi, Bazkardo eta Alejandro Calonge auzuneetako alegazio orokorra aurkezteko eta sinadurak jasotzeko. Izan ere, alegazioak norbanakoak edo kolektiboak izan daitezke. Azken honetan, alegazioa pertsona batek aurkezten du baina alegazioaren amaieran babesleen izen-abizenak jar daitezke. Mimendi inguruan aurkeztuko duten alegazio orokorrean salatzen dutenez, “C2 delako egitasmoak kutsadura atmosferiko, akustiko eta argi-kutsadurako egoera oso larria betikotzen du, eta ontzat ematen du leku horretan bizi den giza komunitatearen osasuna, fisikoa zein mentala, larriki kaltetzen duen gertakari guztiz jasanezin eta onartezina”. Eremu hori modu jasangarrian errehabilitatzea eskatzen da alegazioan, “Andoaingo HAPOn ondo jasota eta idatzita dagoen bezala”. Bilera amaitzea mozio hori idatziz zabaldu zuten, nahi zuenak sinatzeko.

Plataforma martxan

Gaurko deitu duten Hirigintza Batzordean egongo direla iragarri zuten, eta baita irailaren 12ko ez ohiko plenoan ere. 19:00tan izango da. Eurek aurkeztu dute mozioa, ez ohiko plenoan eztabaidatuko dena. Udalari lotutako hitzorduez gain, datorren irailaren 5erako bilera berria deitu dute Karrika elkartean (19:00). Karrika, Aita Larramendi, Zumea eta inguru hartako bizilagunei zuzendutako bilera izango da.

Mobilizazioak egitea da eskuartean duten beste aukeretakoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!