Maider Lainez Andoaingo alkateak eta Ana Sanz Gizarte Zerbitzuetako teknikariak bakarrik edo beste adineko batzuekin bizi diren adineko zuzendutako programa integrala aurkeztu dute
Lainezek 2021eko Andoaingo erroldako datuak gogorarazi ditu, “65 urtetik gora dituzten 3.486 pertsona daude. 85 urtetik gorako 172 herritar bizi dira bakarrik, eta beste adineko batekin 194”.
Datu horiek eskuetan, adierazi du benetako eskaria dagoela adineko pertsonei zuzendutako programa integrala martxan jartzeko.
Agerraldian aurkeztu duten programak, sei proiektu garatzen ditu.
1.- Eguneko arreta-zentroa.
2.- Konekta2 proiektua: etxean sentsore ez-intrusiboak eta kamerarik gabekoak instalatzea bakarrik bizi diren adinekoen zerbitzura, familiei beren zaintzan laguntzeko eta istripuak edo arrisku-egoerak saihesteko.
3.- Ingurunean integratzeko eta nahi ez den bakardadeari aurrea hartzeko proiektua.
4.- bakarrik edo beste adineko batekin bizi diren adinekoen gizarte-premien azterketa.
5.- Etxez etxeko arretarako gaueko zerbitzua.
6.- Laguntza zerbitzua.
Sei proiektu edo zerbitzu horietatik, bi lehenbizikoak abian dira jada. Laugarrena, bosgarren aeta seigarrena hurrengo hilabeteetan aurkeztuko dituzte.
Bakardadeari aurrea hartzeko
Agerraldian, hain zuzen, Ingurunean integratzeko eta nahi ez den bakardadeari aurrea hartzeko proiektuaren nondik norakoa azaldu dute.
Lainezek azaldu duenez, “ingurune komunitarioen garatu beharreko programa da, batez ere, inguruan bakarrik bizi diren pertsonen integrazioa erraztuko duena, haien harreman-sareak sustatuz, eta helburu nagusia gizarteratzea izanik”.
Ana Sanz Gizarte zerbitzuetako teknikariak proiektu horren zergatia azaldu du agerraldian. “Plazak eta parkeak beti izan dira topaleku, harreman sozialak garatzeko gune natural. Hori dela-eta, proiektu honek espazio publikoa aldarrikatu nahi du, adinekoen arteko topagune eta interakzio sozialerako gune gisa, pertsonen arteko harremanak sustatuz eta adinekoen bakardadea eta isolamendua saihestuz”.
Proiektua lau zutabeetan oinarrituko dela gogorarazi du Sanzek.
- Adineko pertsonen aire zabaleko 28 ariketa-aparatuko ekipamendua, “udalerrian zehar ibilbide bioosasungarria sortuko duena”.
- Prestakuntza eta hezkuntza osasungarrirako zerbitzua, “adineko pertsonentzako soinketa-aparatuen erabileran bideratuko dituen fisioterapeuta bat.
- Adineko pertsonak hurbilen ekipamendura iristeko laguntza-zerbitzua.
- Zabalkunderako liburuxka, aparatu guztien kokalekuen mapa barne (etxe guztietan banatuko da).
Josefina Rubiori, esker onez
Lainez alkateak eta Sanz teknikariak Josefina Rubio gogoan hartu zuten, 2016an hil aurretik bere herentziaren zati bat Andoaingo udalarentzat bideratu zuelako. Beste hiru udalei, Hernani, Errenteria eta Pasaiakoei ere eskaini zien herentzia osoaren zati bat. “Zalantzarik gabe, bere garaira aurreratutako pertsona izan baitzen. Berak ikusi zuen bizi-itxaropenaren hazkundea gizarte modernoaren lorpen handienetako bai izan arren, aldi berean, biztanleriaren zahartzea eta haren arreta erronka bat ere bazela”.
Rubio Valladoliden jaio zen emakume feminista izan zen. Euskal Herrian bizi izan zen azken urteetan, eta kontzientzia sozialak bultzatuta hartu zuen udalei dirutza eskaintzearen erabakia. Jarri zuen baldintza bakarra, diru hori udalek adinekoei zuzendutako programetara bidera zezatela. Gutxi-asko, Rubiok bere heredentzia jakitera eman zuen garaian, udal bakoitzak milioi bat euro jasoko zuela kalkulatu zen. Rubiok albazea izendatu zuen, bera hil ostean bere borondatea betetzea ziurta zezan, eta hark jada aurreko legealdian ekin zion testamentuaren kudeaketari.
Josefina Rubio Donostian 2016ko otsailaren 28an hil zen. Haren gaineko erreportajea, Aiurrin irakur liteke.