N1 ANDOAIN A15

Herri plataformak aurkeztu duen mozioaren edukia

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 12a, 14:27

“Herritar plataforma osatu dugu helburu honetarako: irtenbide onargarri eta iraunkor bat aurkitu eta bultzatu Andoaindik pasatzen diren N1 eta A15 azpiegituren arteko loturarentzat, iparraldekoak zein hegoaldekoak, beti ere indarrean dagoen Andoaingo Hiri Antolamendu Orokorraren Plangintzak bilatzen zituen helburuak errespetatuz”.

 

Goizean Hirigintza Batzordean Udal bezala aurkeztu beharreko alegazioak hizpide izan dira. Arratsaldean plenoa dago eta iritziaz gain, botoa eman beharko dute alderdiek.

Herri plataformak aurkeztuko duen mozioa

Hauxe da mozioa bere osotasunean:

Andoaingo Udalak, 2011ko martxoaren 19an egindako Batzar Orokorrean, Hiri Antolamendu Orokorraren Plangintza onartu zuen, gaur egun indarrean dagoena. Plangintza horretan Andoaingo lurretan N1-aren trazatuaren eta A15-arekin lotura nola konpondu litekeen azaltzen da. Gaur egungo trazatuak kezka handia eta eragina sortzen du Andoaingo herrian, batez ere kutsadura, bai airearena zein zaratarena, gehien jasaten dutenen artean.

Guk herritar plataforma osatu dugu helburu honetarako: irtenbide onargarri eta iraunkor bat aurkitu eta bultzatu Andoaindik pasatzen diren N1 eta A15 azpiegituren arteko loturarentzat, iparraldekoak zein hegoaldekoak, beti ere indarrean dagoen Andoaingo Hiriantolamendu Orokorraren Plangintzak bilatzen zituen helburuak errespetatuz. Gipuzkoako Diputazioak aurkeztutako C2 proiektua, orain bertan esposizio publikoan dagoena, Plangintza Orokorrean onartutakoaren xedeen aurka dagoela iruditzen zaigu.

Horregatik eskatzen diogu Andoaingo Udalbatzari ondorengo puntu hauen aldeko erabakia, kargu publiko direnez, Plangintza Orokorrean azaltzen den Andoaingo herriaren interesa defendatzeko.

1. Aurkeztu berri den eta gaur egun exposizio publikoko fasean dagoen C2 proiektua, gizarte, merkataritza edo industri mailan hobekuntza nabarmenak suposatuko lituzketen balizko herriko barne mugikortasun eta hirigintzako garapen ekintzak galeraziko lituzkeen atzera bueltarik gabeko mugarri bat kontsideratzea. Ekintza hauek, beti ere, Andoaingo herritarren kohesioa lukete helburu.

2. C2 proiektuarekin planifikatutako ekintza guztiak geldi ditzala eskatu Gipuzkoako Diputazioari, Plangintza Orokorrean azaltzen diren jarduera-ildoekin bat letorkeen gaur eguneratutako proiektu berri bat birpentsatu eta idatzi ahal izateko.

3. Udal korporazio bezala, 2011ko Martxoaren 19ko osoko bilkuran onartutako Hirigintza Plana lehenestea eta defendatzea, honek bilatzen zituen xedeekin bat letorkeen N1-arentzako eta A15arekin duen loturarentzako Andoainen ibilbide bat bultzatzea. Ibilbide berri honek, 2011ko Hirigintza Planean onartutakoa eguneratu behar luke, ibilbide honi dagokion zirkulazio fluxu naturaletara dimentsionatuz, gaur egungo arauen arabera jasangarri bilakatuz, ingurugiroan eta herritarren interesetan ahalik eta eragin txikienak izan ditzan.

4. Errepide azpiegiturarentzako adostutako irtenbidearen nahitaezko prozedimendu eta behin behineko egikaritza burutu artean, gaur egungoak Andoaingo bere zeharkaldian Buruntza, Mimendi, Larramendi Ikastola, Ubitarteko kirol gunea, Karrika eta Sorabila bezalako eremuetan eragiten duen soinu kutsadura larria konpontzeko neurriak eska diezaizkiola GFAri, horretarako beharrezko baliabideak ipiniz atzerapen gehiago gabe.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!