Maizorri Txalaparta Eskola urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabil

Xabier Lasa 2022ko ira. 30a, 11:36
2015eko maiatzeko irudia

Hain zuzen, gaur, 20:30etik aurrera, txalapartaren munduan bide urratzaile diren Bihotx (Hernani) eta Txek (Tarragona) taldeek kontzertu bana eskainiko dute Plaza Morean. Bihar, berriz, 10:00ean, Txalakanpaiak San Martin elizan izango dira, eta ondoren, 11:30ean, Kinikoketa saioa egingo dute, Juanita Alkain plazan. Egunari segida emateko, 14:30ean, babarrun-jate herrikoia antolatu dute, Etxeberrieta plazan.  Bestalde, joan de astean zabaldu zuten erakusketa, eta urriaren 14ra bitarte egongo da ikusgai. 

Txalaparta eta Andoaingo herriarekin eta herritarrekin batzen dituen argazki erakusketak osatuko du erakusketaren zati bat. Juan Godoyk gogorarazi duenez, Maizorriren azken 20 urteak irudietara eraman nahi izan dituzte, eta aldi berean, Andoainen aitzindariak izan ziren ekimenak ere gogoan hartu nahi izan dituzte; izan ere, Maizorri txalaparta eskola sortu aurretik, Andoainen nahiko errotuta zegoen txalaparta, eta zehazki, haiek ereindako haziei esker sortu zen Maizorri”.

Era horretan, erakusketara hurbiltzen den ikusleak zenbait aurrekari historikorekin egingo du topo “hala nola, Peio Zuaznabarrek Aita Larramendi ikastolako ikasleei eman zizkien eskolak, 90eko hasieran Gaztetxe zaharrean Asier Gonzalez Oxinbo-rekin 40 gazteentzat antolatu zen tailer arrakastatsua, Leitzaran bailaran, Kiriki parajean, hiru harkaitz punta lotuz egin zen txalapartazko komunikazio saioa…”.

Nolanahi ere, azken 20 urteetako irudiak dira nagusi erakusketan; Maizorriko kideek antzeztokietan nahiz kalean jendaurrean egin izan dituzten saioak edo tailerrak islatzen dituzte horiek, edo eta, herriko hainbat kultur taldeekin elkarlanean egin izan dituzten ekitaldi publikoen berri ematen dute.   

Erakusketak, atzera begirako ariketa izanagatik, etorkizunean txalapartaren sustapen eta zabalpen lanetan jarraitzeko indarrak emango dizkiela uste du Godoyk. “Ibilbide xumea izan da gurea, baina balorazioak egiten hasita, ohartzen zara txalaparta eskolaren eskutik ehun herritarretik gora eduki dutela aukera txalapartarekin lehen kontaktua edukitzeko, sakontzeko eta gozatzeko. Bada zerbait! Gauza horrela, argi daukagu merezi duela jendartean zabaltzen segitzea”.

Euskal Herriko musika tresnek beteko dute erakusketaren bigarren espazioa. Oiartzunen egoitza duen Soinuenea Fundazioaren museoak utzita, Euskal Herriko tradiziotik bildu diren makina bat tresna ekarriko dira Basterora.

Erakusketaren irekiera ekitaldia 19:00etan izango da. Bertan, jakina, txalapartaren hotsak hartuko protagonismorik handiena; horrela, Maizorriko kideek ez ezik, Mari Karmen Zuaznabar eta bere seme Pello Urangak hartuko dituzte makilak.

Talde berritzaileak

Txalapartaren munduan bide urratzaileak diren Bihotx (Hernani) eta Txek (Tarragona) taldeek kontzertu bana eskainiko dute Plaza Morean, irailaren 30ean, ostiralarekin, 20:30etik aurrera.

Lara Mitxelenak, Gema Inesek eta Ixiar Jauregi musikariek osatzen du Bihotx, eta “Norabide Guztiak” izenburuko ikuskizuna aurkeztuko dute Basteron. Mitxelena akordeoi-jolea da, Ines gitarra-jolea eta Jauregi perkusio-jolea; txalapartak batu die hiru musikariei, eta hots tradizionalak eta garaikideak uztartuz, ahotsekin eta dantzekin jantzitako ikuskizun ikusgarria atondu dute.

Nando Talo eta Siscu Aguilera Txek-Tarragonako Txalaparta Eskola izenburuko ikuskizunarekin datoz Kataluniatik. Euskal Herritik kanpo, txalapartari heldu dioten musikari bakarrak izango dira ziurrenik. Kepa Junkeraren zenbait doinuetan entzungai zen txalapartaren hotsarekin txoraturik geratu ziren hasiera batean, 2002an. Hernaniko txalaparta eskolan hartu zituzten makilak lehenbiziko aldiz, eta harrezkero, etengabe aritu dira sakontzen. Junkerarekin zenbait kontzertuetan parte hartzeko aukera eduki dute, besteak beste. Zuraren, harriaren edo beiraren kolpeen erritmora sortu duten ikuskizuna eskainiko dute Plaza Morean.

Egun osoko egitaraua, urteurrenari bukaera emateko

Ekitaldiz beteriko egitaraua osatu dute urriaren 1erako.

10:00ean,Txalakanpaiak San Martin elizan. Maizorriko kideek adierazi dutenez, “txalaparta doinuez elizako kanpaiak astinduko ditugu gure ttakun eta herrenak lau haizeetara zabaltzeko”. Segidan, 11:30ean, Kinikoketa saioa egingo dute, Juanita Alkain plazan. “Kirikoketaren erritmoaz sagarra zanpatu eta tolarean estutu ondoren zukua edan eta sagardoa egingo dugu garai batean bezala”.

Eguardian, 14:30ean, babarrun-jate herrikoia antolatu dute, Etxeberrieta plazan.

18:30ean, mahaietatik altxa, eta Txala Bertso poteoari ekingo diote tabernaz taberna, Pun-ttuka bertso eskolako kide eta txalaparta ibiltariarekin batera.

Azkenik, 20:30ean, Txalaparta Party Aparta izango da, DJ Barru-rekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!