Maizorri Txalaparta Eskolaren 20. urteurrenaren erakusketa, ireki dute

Xabier Lasa 2022ko ira. 23a, 12:06

Maizorri Txalaparta Eskolaren 20. urteurrenaren harira, Basteron erakusketa ireki zuten atzo. Txalapartak Andoainen azken hamarkadetan egindako ibilbideko irudiak ez ezik, Soinueneak ipini dituen Euskal Herriko 200 soinu-tresna eta hots-jostailu ikusi ahal izango ditu ikusleak. Irekiera ekitaldiko argazki-bilduma eta lau bideo (azalpenak eta txalaparta saioak) ikusgai:

Gonbidatu berezi gisa ekitaldian izan ziren, besteak beste, Andoainen txalapartaren munduan aitzindariak izan ziren Mari Karmen Zuaznabar eta bere seme Peio Uranga (Andoainen txalapartaren sustatzaile izan zen Peio Zuaznabarren senitartekoak, haren bere bidetik jarraitu dutenak), Gaztetxean antolatu zen lehenbiziko txalaparta tailerrean irakasle gisa jardun zuen Asier Gonzalez Oxinbo.    

Irekiera ekitaldian, Txitxu Ruiz kultur zinegotziak, Juan Godoy Maizorriko kideak eta Juan Mari Beltran Soinueneako zuzendariak hartu zuten hitza, eta jakina, ez zen falta izan txalapartaren hotsa; hain zuzen, Juan Godoyk eta Jon Urtasunek lehenbiziko saioa egin zuten, eta ondoren, Godoyk berak eta Asier Gonzalez Oxinbok bigarren saioa egin zuten.

 

Euskal musika tresnak ikusgai

Oiartzungo Soinueneako museoan biltzen diren Euskal Herriko 200 musika tresnek eta beren inguruko azalpen jakingarriek osatzen dute erakusketaren bigarren espazioa. Besteak beste, ikusi litezke idaurrak, ote-jotzeko trabaza, kirikoketa mailua, txalaparta, toberak, tarrak, ezkila, kanabera, kilikalaska, igela, tronpa, kaskabiloak, goilarea, raspa, txaramelak, matraka-mailuak, kalaka, tablatxoak, soinu handia eta soinu txikia, kriskitinak, ahintz-adarrak, karraka, panderoa, danbolina,  tulurtea, turuta, Amasako kontrabajoa, Arizkungo harpa, danburia, adarra…

Beltranek aurkezpenean zehaztu zuenez, “munduko kultura guztietako musika tresnek badute alderdi bat erabat unibertsala dena, eta bestea partikularra dena; biak nahastuta agertzen dira. Oinarrizkoa da unibertsaltasuna, eta faktore hori kultura bakoitzak bere egiten du, herri sormenetik ekarpena eginez. Garrantzitsua da gureak nahiz munduko musika tresnak ezagutzea, gu munduan kokatzeko eta mundukoak garela jabetzeko; alegia, hemen danbolin joleak dauzkagun bezala, Andaluzian eta Portugalen ere badauzkate”.

Erakusketa urriaren 14ra bitarte ikusi ahal izango da, astelehenetik ostiralera 18:00etattik 20:00etara, eta larunbatetan 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!