Gure inguruko txoriak hizpide izango ditu Mikel Olanok

Aiurri 2022ko urr. 3a, 14:05

Mikel Olano ornitologoak Basteron hitzaldia emango du (Argazkia: Artelatz)

Ingurumen gaien gaineko hainbat ekimen antolatu ditu hurrengo egunetan Andoaingo udalak, Artelatz Ingurumen Zerbitzuaren eskutik eta Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez. Hegaztiak ezagutzeko hitzaldia, bizikleten erabilera eta konponketa lantzeko tailerra, eta, txakur eta jabeekin ibilaldi gidatua dira ekimen hori, hain zuzen.

Horrela, urriaren 4an, asteartearekin, Mikel Olanok hegaztiak hizpide izango ditu Basteron, 18:30etik aurrera.   

Mikel Olano basozaina eta Aranzadi Zientzia elkarteko ornitologoa da, eta balio bereziko hainbat espezieen jarraipena zuzenean egin du. Basteron askotariko gaiak jorratzeko asmoa dauka antolatzaileek adierazi dutenez. Besteak beste: habitaten kontserbazioaren garrantzia txorien dibertsitaterako, gure inguruko habitat nagusietan aurki ditzakegun txori espezieak, inguruko txori espezieen populazioen zabaltzea eta murriztea… Gai horietaz gain, bertaratzen diren herritarrek proposatzen dituztenak jorratuko ditu Olanok.

 

Bizikleten eta patineteen bigarren eskuko azoka

Urriaren 7an, bizikleten eta patineteen bigarren eskuko azoka ospatukoa da Andoainen. Goikoplazan izango da, 16:30etik 20:00etara, eta garraio jasangarriaren erabilera bultzatzea du helburu.      

Bertan, doako gordailu sistema bidezko salerosketa herritarren eskura ipiniko da. Antolakuntzako langileak bizikleta eta patineteak zaintzeaz eta saltzeaz arduratuko dira, saldutako artikuluen dirua itzuliz eta saldu ez diren artikuluak jabeei bueltatuz.

Bateren batek bizikleta saldu nahi izan ezkero, aurrez izena eman beharko du, www.merkabi.eus/andoain webgunera idatzita, edo 943 670 249 telefono zenbakira hots eginda (15:00-16:30eko ordutegian)

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, soilik egoera onean dauden artikuluak onartuko dira, eta gehienez 500 euroko prezioa izan beharko da.

Salerosketaz gain, bizikleten oinarrizko konponketen tailerra eta bi informazio gune topatuko dituzte Goikoplazako azokara hurbiltzen direnek. Tailerrean, bizikleten errebisioa eta konponketa txikiak egin ahalko dira. Informazio gunetan, berriz, “mugikortasunak eragindako karbono aztarnaren eta inguruko ibilbideen eta teknologia berrien informazioa eskuratu ahalko da”.

 

Txakurrekin eta jabeekin ibilaldi gidatua

Urriaren 8an, azkenik, txakurrekin eta jabeekin ibilaldi gidatua antolatu da. Ibilaldia txakurren eta jabeen heziketan eta txakurren hizkuntzan aditua den Ingrid Etxeberriaren (Hezikan) eskutik izango da, eta 9:30etan abiatuko da Goikoplazatik. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, “ibilaldian, jabearen eta txakurraren arteko erlazioren garrantzia landuko da; besteak beste, txakurraren osasunean segurtasunean eta bizi-kalitatean jabeak duen papera azpimarratuko da”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!