N1 ANDOAIN A15

“C2 proiektua kaxoira” aldarrikatu dute gaurko oinezko martxan, eta ondorengo zizka-mizkan

Jon Ander Ubeda 2022ko urr. 11a, 20:21

Kalonje, Bazkardo eta Mimendi aldean ibili dira gaurkoan hainbat herrikide, Herri Plataformak deituta. Adierazpen batekin eta zizka-mizkarekin amaitu da jardunaldia.

Alejandro Kalonjetik abiatu da martxa, 18:30ak pasatxo zirenean. Atertu du ordurako, eta trikiti doinuez gidatutako martxak aurrera egin ahala kide gehiago batuz joan dira. N-1 errepidearen gaineko zubian pankarta eskegi dute, eta handik Bazkardo plazara joan dira. Itzulingurua egin ondoren, Rikardo Arregi kalean gora abiatu dira Dr. Huitzi aldeko etxebizitzetara iritsi arte. Azken txanpan Mimendira iritsi dira, eta bertan Iñaki Perez de Eulate Herri Plataformako bozeramaileak adierazpenak egin ditu. Iraila ekimen handiko hilabetea izan da, eta horren errepasoa egin du. Txalo bat eskatu, bestalde, plataformako kideen alde eta alegazioak aurkeztu dituzten laurehundik gora herritarren alde.

Gaurkoa ez da bakarrik aldarrikapen eguna. Banderolak leiho eta balkoietan jartzeko eguna da, asko eta asko jarrita dauden aurren. Baina hori guztiaz gain, lagunartean egoteko tartea baliatu nahi izan dute. Txistorra eta sardinak janez, eta ardotxo bat edo sagardoa hartuz elkarren berri izateko ekimena da gaurkoa. Zizka-mizkaren aurretik, Maizorriko kideek txalaparta saio txiki bat eskaini dute.

Ordezkaritza politikoa

Udaletxea ordezkaritza duten lau alderdietatik hiru bertaratu dira ekitaldia. Agertu direnak irailaren 12ko mozioaren alde bozka eman zutenak izan dira. Hots, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos. Alejandro Kalongetik martxa abiatu denetik martxa osoan zehar izan dira Xabier Fondon, Maite Etxeberria-Arteun eta Andoni Alvarez EH Bilduko zinegotziak. Ekitaldiaren amaierako adierazpenera hurbildu dira Tere Santana Elkarrekin Podemos alderdiko zinegotzia eta baita Maider Lainez PSE-EEko ordezkaria eta Andoaingo alkatea.

Eskuorriak eta banderolak

Plataformak gaurtik aurrera ikusgai jarri nahi ditu, eta gaur gaueko 21:00tatik aurrera jartzeko deialdia egin du. Mimendin jarri duten postuetako batean salgai jarri dituzte, eta horrez gain eskuorriak banatzen aritu dira. Honela dio eskuorriaren atzealdeak: “Giza komunitate bizi, kohesionatu eta berdintasunezkoa eraikitzeko mobilizatzen gara. Hirigintza atsegina, irisgarria, interakzio soziokulturaleko espazioekin, tokiko garapen ekonomikoak ahalbidetuko dituena eta, batez ere, kutsadura atmosferikorik eta akustikorik gabeko ingurunea. Andoaingo herritarrok pozik, harro eta eroso sentitzeko moduko herria nahi dugu, giza-kalitatea eskainiko diguna”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!